Groseko auzo elkarteko Alex Martinez eta Nekane Benavente. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Auzoko plazak eta zirkulazioa hobetzearen alde borrokatu dira urte luzez bizilagunak. Oraingo erronka nagusiak dira etxebizitzaren garestitzeari eta turistifikazioari aurre egitea.
Hondarpe izena du Groseko auzo elkarteak. 1978an sortu zen, Aita Larroka kaleko lokal zahar batean. 1997an lortu zuten egun Nafarroa Beherea plazan duten egoitza.
Nekane Benavente (Gros, 1949) 1995ean sartu zen elkartean: «Behar genuelako sortu zen. Grosek ez du arazo potolorik. Uste dut beste auzo batzuek arazo gehiago dituztela… baina zaindu behar dugu auzoa, eta udala zirikatu egin behar dugu [barrez]».
Tomas Gaztelu bizilagunak egindako lana goraipatu du Benaventek: «Sekulako lana egin zuen elkartearen sorreratik. Saguesen Antxeta elkartea sortu zuen, eta jaietan buru-belarri sartu zen. Bere kezka izan zen zirkulazioa eta bide segurtasuna. Ikusmen arazoak zituen eta kalean oztopoak kentzeko lan handia egin zuen».
Zirkulazioa hobetzea, aparkaleku falta, espazio publiko edo plaza gehiagoren beharra, Kursaaleko lanak… Auzo elkartearen lehen aldarrikapenak izan ziren horiek. Arlo askotan auzoa asko hobeto dela uste du:?«Gros auzo erosoa da bizitzeko. Denda asko daude, eta erosketak egiteko ez naiz Grosetik mugitu behar… Auzo polit bat da, eta hiriaren erdigunean dago. Gainera, jarduera pila bat egiten dira, eta hondartza ere hemen daukagu».
Alex Martinezek (Gros, 1981) hogei urte inguru darama auzoaren alde lanean. Jaiak eta kultur jarduerak antolatzen eman du denbora gehien. Hain zuzen, urte luzez jaiak antolatzeko izan dituzten zailtasunak ekarri ditu gogora: «Gros asko aldatu da azken bi hamarkadetan. Auzoko plazen egoera oso txarra zen, eta oso konplikatua izan da jaientzako gune finko bat lortzea. Gainera, jaiak egiteko baimenak lortzea zaila izan da askotan. Azkenean lortu dugu, baina kostata».
Aldaketa nabarmena
Kursaal inguruaren berritzeak auzoaren modernizazioa eta hazkundea ekarri zuela diote. «Kursaal eta Zurriola ingurua berritzea inflexio puntu bat izan zen. Ondorio onak izan ditu, baina okerrena etxebizitzaren garestitzea izan da: «Kursaal berria egiten hasi zirenean, Odon Elorzarekin egon ginen hitz egiten eta gogoan dut esan zigula, ‘Pozik egon zaitezkete, ikusiko duzue nola handituko den zuen etxebizitzen balioa’. Eta gertatu da, noski. Eta gure seme-alabak, zer? Kanpora joan behar izan dute denek. Nire lagun guztien seme-alabak auzotik kanpo bizi dira, eta horrek, nolabait, nortasuna kentzen dio auzoari», adierazi du Benaventek.
Gainera, auzoa asko zahartzen ari dela ohartarazi du Martinezek: «Gazteek ezin dute hemen bizi, alokairuak eta etxebizitzen prezioa izugarri igo direlako. Udalak ez du neurririk hartu, eta gero eta pisu turistiko gehiago daude Grosen. Modan dago auzoa, eta hori, hein batean, ona da, baina egoera kontrolatu behar da. Higiezinen enpresak Grosen inbertitzen ari dira, eta metro koadroaren prezioa izugarri garestitzen ari da». Grosek auzo nortasuna baduela azpimarratu du Martinezek, baina auzoko giroa eta merkataritza indartsua galtzeko arriskuaren beldur da:«Saltoki asko daude, eta asko irekitzen dira, baina irautea da zailena».
Auzoaz gozatzen duela dio Benaventek, baina agerian utzi du turismoa eta ostalaritzaren inguruan duen kezka: «Ez dut kopuru zehatzik, baina paseo bat ematearekin nahikoa da zenbat dauden ikusteko. Kale guztietan dago pentsio edo hotelen bat».
Terrazekin haserre
Espazio publikoen pribatizazioaren inguruan kezka agertu du Benaventek: «Kale handiak lortu ditugunean, tabernaz eta terrazaz bete dizkigute. Zabaleta, Peña y Goñi, San Franzisko… Batzutan ez da erraza kaletik ibiltzea. Hau ez daramagu batere ongi. Oinezkoentzako gune erakargarriak dira, baina espazio publikoa kendu digute. Gainera, terraza asko estali egin dituzte, eta kalean uzten dituzte mahaiak eta aulkiak. Hori denon espazioa da! Espazio publikoa lortu dugu, eta orain ostalaritzak okupatu du leku hori, eta ez gaude ados».
Eta aisialdirako guneetan, estalkiak behar direla dio Benaventek: «Badakit Zuberoa plazan estalkia jarri nahi dutela, baina ez da oso handia izango». Ilusio gehien egiten dion egitasmoa, Iztuetako biaduktua kentzeko proiektua dela nabarmendu du.
Bestalde, Grosen berritu diren plazekin gustura daude: «Ez zuten hartu guri gehien gustatzen zitzaigun proposamena, baina tira… Katalunia plazarekin eta Nafarroa Beherea plazarekin pozik gaude. Hori bai, txakurrekin arazo handia dugu. Katalunia plazako berdegunea berezia da, jendeak gozatzeko berdegunea da, eta txakurrek kaka egiten badute, ume txikiak jolasean dabiltza eta nazkagarria da. Orokorrean, auzoan txakur asko daude, eta egia da higiene arazo bat dela».