Kontafestak parte hartzaile gazteak motibatu nahi ditu, beraien sormen prozesuan aurrera egin dezaten.
Iazko Kontafesta. (Argazkia: Kontadores)
Azken urteotako ohiturari jarraituz,
ekainaren 17an, larunbatean, Kontafesta egingo dute, 19:00etan,
Bidebietako Kontadores Gazte Zentroan. Kolore askotariko ospakizuna izango da, eta bertaratzen direnek aukera izango dute
antzerkiaz zein kale arteaz eta poesiaz gozatzeko. Izan ere, Kontadoresek
2016-2017 ikasturtean zehar sustatutako hainbat egitasmo eta prozesu gertutik ezagutzeko aukera emango du jaialdiak.
Helburua da bultzatzea arte biziekin loturiko erakustaldi ez-profesionalak (antzerkia, dantza, poesia…) eta proiektu esperimentalak, bereziki hemengo gazte izaerako zein formatu txikikoak. Aldi berean, Kontafestak
parte hartzaile gazteak motibatu nahi ditu, beraien sormen prozesuan aurrera egin dezaten, eta baita euren kultur ekoizpenaren hedapena bultzatzeko ere.
Kontafestako jardueren artean daude:
Morir antzezlana, Lugaritz Antzerki Taldearen eskutik, eta DRA. ZEBRA kolektiboak sortutako liburuaren aurkezpena. Azken proiektu horrek hausnarketa eragin nahi du poesiaren eta kale artearen inguruan. Aldi berean, munduko sukaldaritzako laborategiko partaideek egindako pintxoak dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek.
KONTAFESTA, EKAINAK 17
- 19:00-20:30. Morir antzezlana. Zuzendaria: Alazne Etxeberria. Hizkuntza: Gaztelania. Iraupena : 100′.
- 20:30-21:00. DRA. ZEBRA liburuaren aurkezpena. Zebrak kolektibo gazteak kale arteko poesiaren inguruko gogoeta egin nahi du. Liburu hau Kontadoresko kale artearen inguruko proiektu esperimentalaren barruan garatu da, ikasturte honetan zehar.
- 21:00. Munduko pintxoen dastaketa. Munduko sukaldaritza laborategiko partaideek euren ekarpena egingo dute festarako pintxoak eginaz.
- 21:30. DJ. Festa amaitzeko erritmo tropikalak eta umorea.