Larramendi gasolindegia, 1936an.
Inaxio Larramendi eta Maria Lertxundi senar-emazteek ireki zuten Groseko Larramendi gasolindegia, 1936an. Haien bilobek daramate orain negozioa, eta berrikuntzak egin behar izan dituzte, garai berrietara egokitzeko.
Hiru astez itxia egon da Groseko Larramendi gasolindegia, eta hori ez da batere ohikoa. Izan ere, orain arte egin dituzten aldaketa guztietan, zabalik manten dute negozioa. Edonola, beharrezko obrak egin ostean, zabalik dago berriro ere gasolindegia, eta bertan izan da Irutxuloko Hitza, Xabier eta Ainhoa Larramendi anai-arrebekin.
1936an ireki zuten gasolindegia oraingo jabeen aiton-amonek: Inaxio Larramendi eta Maria Lertxundi. «Pixkanaka egin zuten, zatika», dio Xabik. «Aitona gasolina banatzen hasi zen, ontzi batekin, Compañia Americana zenarekin. Jai Alaiko gasolindegian aritzen zen, baina gerra ostean, Francoren aldekoei eman zieten gasolindegiak kudeatzeko aukera», azaldu du Ainhoak. Baserritarrak ziren senar-emazteak, baina gasolindegiaren negozioan sartzea erabaki zuten, eta Groseko eraikinean hasi ziren lanean. Ondoren, haien seme Iñakik eta Luixek hartu zuten ardura. Okendo kultur etxearen ondoan dago gasolindegia, lehen baserria zena: «Aitak esaten zidan bertako baserritarra lanean ezagutu zuela idiekin», dio Xabik. Ondoan, lehen ospitalea ere bazuen gasolindegiak. Orain, anbulategia du aurrean.
Gaur egun, esan bezala, Ainhoak eta Xabik daramate gasolindegia, eta beraiekin batera beste bost langile dabiltza. Pixkanaka negozioa handitzen joan ziren, eta denda zabala ere badu orain. Auto tailerra ere badute, duela bi hilabetetik. «Alokatua daukagu eta gasolindegiko langile ohi batek darama. Lehen ere izan genuen, baina itxi egin behar izan genuen», dio Xabik.
1990etik Avia marka suitzarrarekin lan egiten dute, eta pozik dabiltza, askatasun nahikoa ematen dietela baitiote. Araudi berria dela eta egokitu egin behar izan dute gasolindegia, eta, bide batez, berrikuntzak egin dituzte. «Hoditeria eta lurra berritu ditugu, makina berriak jarri ditugu…», dio Ainhoak.
Egunero, 24 orduz
larramendi gasolindegia, berrikuntzak egin ostean. (Argazkia: Larramendi)
Urte osoan egoten da zabalik Larramendi gasolindegia, 24 orduko zerbitzuarekin. Gasolindegia eta denda 7:00etatik 21:50era egoten dira irekiak, baina gasolina hornigailu berezia irekia izaten dute uneoro. Obra egin aurretik ere bazuten 24 orduko hornigailua, baina orain lehen lerrora eraman dute, eskuragarriago egoteko.
Laugarren belaunaldirik ez dakite egongo den, auto elektrikoak baitatoz ate joka, baina berritzen jarraitzeko prest daude.
Larramendi gasolindegia
- Non. Nafarroa hiribidea, 5. Grosen.
- Ordutegia. 7:00etatik 21:50era, baina 24 ordutako zerbitzua du.
- Zerbitzuak. Gasolina hornitzaileak, denda, eta Happick (Internet bidez egindako erosketak jasotzeko gunea).
- Harremanetarako. info@avialarramendi.com posta elektronikoa edo 943 27 92 11 telefono zenbakia.