Groseko bost auzotarrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, bizi diren edo lan egiten duten tokiari buruzko iritziak jasotzeko; pozik daude euren inguruarekin, baina hainbat proposamen egin dituzte.
‘Beltza’, Tedone jatetxea.
‘Beltza’, Tedone jatetxea: «Oso berezia da, pozik nago egin nuen apustuagatik»
Nahiz eta Grosen ez bizi, lanagatik, egunerokoa hemen egiten dut: komertzio txiki ugari daude eta gustuko dut auzoan erostea, paseatzen ibiltzen naiz hondartza inguruan… Gainera, arkitekturak xarma handia du. Jatetxea ireki baino lehen, pentsatu nuen Parte Zaharrera joatea, baina nire filosofiarekin ez zetorren bat; Gros oso berezia da, pozik nago egin nuen apustuarekin. Halere, beldur naiz turismoaren ondorioz gertatzen ari denarekin. Oraingoz ez da egoera bera, baina ezin dugu onartu Grosek Parte Zaharrak bezainbesteko masifikazioa izatea.
Maddi Aizpurua, surflaria.
Maddi Aizpurua, surflaria: «Erraztasun handiak eskaini dizkit surfean aritzeko»
Grosen bizitzeak erraztasun handiak eskaini dizkit surfean aritzeko. Aitarekin sartu nintzen lehen aldiz uretan; eta, ordutik, beti bizi izan naiz Zurriola inguruan. Gainera, gurasoek Saguesen taberna bat dute, eta egunero hondartza ikusteak erakarri ninduen surf mundura. Egunero bitan sartzen naiz uretan, baina mendia ere gustuko dut, korrika egin zein paseo bat emateko. Gehien gustatzen zaidan txokoa Saguesko horma da; udan, egun osoa pasatzen dut han! Txikitatik beti pentsatu izan dut Sagues inguruan skate park txiki bat falta dela.
Aitor Azurki kazetari eta idazlea.
Aitor Azurki, kazetaria eta idazlea: «Faltan botatzen dut auzoko gazte giroa egotea»
Amaren familia hemengoa dut, eta Azurki izeneko altzari denda bat genuen; beraz, inguruan ibili izan gara betidanik eta Gros oso berezia da niretzat. Kalean mugimendu handia dago, erosketak egiteko oso aproposa da eta hiriko ia leku guztietara oinez joan
zaitezke. Auzo nortasuna badu–Gross garagardoa asmatu genuen!–, baina faltan botatzen dut auzoko gazte giroa egotea. Antiguan ez bezala, Groseko gazteak ez dira hemendik gehiegi ibiltzen. Gainera, etxebizitzen garestitzearen ondorioz, asko beste auzo edo herrietara joan dira bizitzera.
Jerusalen Olaso bizilaguna. (Argazkia: L. Ferreira)
Jerusalen Olaso, bizilaguna: «Oso erosoa iruditzen zait, batez ere, haurrentzako»
Auzoa oso erosoa iruditzen zait, denetarik dagoelako, batez ere, haurrentzako. Parke asko dago, eta gu parkez parke ibiltzen gara: Txofre, Katalunia eta Nafarroa Behera plazetakoetan, bereziki. Eguraldi txarra eginez gero, noizbait, Okendo kultur etxera joan izan gara. Nire semeak Zurriola ikastolan ikasten du; beraz, astean zehar, eguneroko bizitza hemen egiten dugu eta ikaskideekin egoten da. Guztia dugu gertu eta erosketak egiteko aukera ugari daude. Gainera, hondartza eta mendia ondoan ditugu. Egia esan, dena gustatzen zait nire auzotik!
Antxeta elkarteko Ander Anza. (Argazkia: Eneritz Arrillaga)
Ander Anza, Antxeta elkartea: «Gazteen sormena garatzeko leku bat egon beharko luke»
Asko aldatu da auzoa azken urteotan. Ezagutu izan ditut Groseko garbitegia eta hiltegia. Orain ondo dago, giroa polita da, baina, beharbada, jende gehiegi dago. Gainera, badirudi, surf taularik ez baduzu, ez zarela auzokoa! [barrez]Nire ustez, gazteen sormena garatzeko leku bat egon beharko luke. Hemen bizitzearen gauzarik onenak dira auzotar asko ezagutzen ditudala, beraiekin oso giro polita dagoela, eta hondartza eta mendia ondoan ditugula. Okerrena, azkenaldian oso zaila dela aparkatzea. Halere, ez nuke ezergatik aldatuko, ezta pentsatu ere!