Bainu uraren kalitateari buruz "argi eta garbi" informatzeko eskatu dio Eguzkik udalari
Hondartza-denboraldi berriaren atarian, Eguzki talde ekologistak gogora ekarri du iaz hainbat kutsadura-kasu gertatu zirela Ondarretan, eta Donostiako Udalak ez zuela horien berri “behar bezala” eman.
Salatu du iaz hainbat aldiz kutsadura fekala atzeman zutela Ondarretan, eta, horren ondorioz, kutsadura-kasu horietan, bainua “libre” izatetik “kontuz” egin beharrekoa izatera pasatu zela, baina udalak ez ziela horretaz behar bezala informatu erabiltzaileei. “Kontuz” bainatu beharrak esan nahi du, gehienez ere 10 minutuko bainua hartzea, eta ondoren ur gezako dutxa bat hartzea aholkatzen dela. Bestela, bainuzaleen larru-azalean eta mukosetan arazoak sor daitezke; bainua haien osasunaren kaltean izan daiteke, alegia: “Iaz, denboraldia bukatzear zela, Eguzkik kasu horietako bat dokumentatu ahal izan zuen. Bioaniztasuna eta Ingurumena Kudeatzeko Udal Atalak irailaren 23an boletin bat emititu zuen, esanez 19an jasotako ur-laginen analisien arabera Tenis aldeko uren kalitatea ‘nahikoa’ baino ez zela, eta, horren ondorioz, bainua ‘kontuz’ egin beharrekoa zela. Udalaren webgunean boletin horren berri 27an eman zuten. Bi egun geroago, berriz, boletin hura kendu eta 26an egindako analisien gaineko boletin berri bat argitaratu zuten. Boletin berriaren arabera, bainua berriro ere ‘libre’ zen. Baina denbora-tarte horretan udalak ez zuen inoiz hondartzan seinalatu ‘kontuz’ bainatu beharra zegoenik. Beraz, erabiltzaile gehien-gehienak ez ziren aholkua ezagutzera ere iritsi.
Denboraldia bukatuta, berriz, Osasun Ministerioak udan egindako analisi guzti-guztien berri eman zuen, eta horri esker jakin ahal izan genuen Eguzkik salatutakoa ez ezik bete lau kutsadura-kasu ere gertatu zirela Ondarretan, eta kasu horietan gomendioa ‘ez bainatzekoa’ zela udalak, ordea, ez zuen horretaz txintik ere esan”.
Hondartza-denboraldia hasi berri den honetan, azpimarratu dute garrantzitsuena ez direla toldoak eta panel berriak, ezta Ondarretako harriak ere: “Garrantzitsuena ur osasungarria da, eta hondar osasungarria, jakina. Eta halako batean, edozein dela kausa, urak osasungarria izateari uzten badio, udalak horren berri lehenbailehen eman behar du, eta ahal den modurik eraginkorrenean. Eta erabiltzaileei horren berri emateko modurik eraginkorrena, normalean, hondartzan bertan ematea da”.
Horregatik, udalari eskatu diote arduraz jokatzeko eta informatzeko: “Informatu egin behar du herritarrok informazio hori jasotzeko eskubide osoa dugulako. Eta eskubide osoa dugu legeak hala aitortzen digulako, baina batez ere, eta oroz gain, informazio hori ez izatea geure osasunaren kaltean izan daitekeelako”.