Aurkezpena egin dute gaur goizean, Parte Zaharrean. (Argazkia: Elkar)
“Euskal Herriko itsas historiaren handitasunaren froga bizia da
San Juan baleontzia”, diote Albaolako kideek. Hain zuzen, baleontzi hori Pasaian eraiki zuten, 1560 urte inguruan; munduko urpeko ondarearen ikur izendatu zuen UNESCOk, eta haren erreplika bat eraikitzen ari dira Albaola itsas faktorian. Donostia 2016ren baitan hasi zen proiektua, eta lanean diharduten bitartean, liburu bat plazaratu dute:
Euskal Herria itsastarra, San Juan baleontzitik. “XVI. mendeko euskal itsas historiako gertakari historiko korapilotsuak modu erraz eta ulergarrian adierazten ditu”, azaldu dute aurkezpenean.
Egileen esanetan, euskal arbasoek munduko bazter guztietako biztanleekin harremanak izan zituzten, eta zeresan handia izan zuten gizaki guztien bizimoduaren bilakaeran: “Gure herriaren ekonomia, gizartea, politika, kultura eta paisaia hein handi batean itsasoari esker sortu eta mendeetan zehar mantendu dira”. Liburuak 128 orrialde ditu eta 22’5 euroan jarri dute salgai.