Euskal musika eszenaz hitz egin dute hainbat musikari donostiarrek
Klitto! atari digital feministak eta Topatu gazte komunikazio proiektuak elkarlanean ‘Emakumeak oholtzara’ izeneko ikus-entzunezkoa egin dute. Bertan, Olatz Salvador eta Onintza Rojas musikari donostiarrek hartu dute parte.
Euskal musika eszenaz, inertziez, erronkez, zailtasunez eta aukerez aritu gara Izaro Andres Zelaieta (Izaro), Ane Bastida Saiz (Hesian, Lauroba…) Onintza Rojas Olazabal (Koban), eta Olatz Salvador Zaldua (Skakeitan, Olatz Salvador) musikariekin. Bideoarekin batera argitaratu duten testuan, euskal musika eszena parekidetasunetik urrun dagoela erakutsi dute: “BK Live jaialdian, 14 emakume igoko dira oholtzara aurten; gizonezkoak 136 izango dira. Hatortxu Rocken berriz, 86 talde programatu dituzte, baina 25 besterik ez dira tartean emakumeren bat dutenak. Hiru adibide bakarrik dira eta, musika eszena parekidea emakumeen ikusgarritasunetik harago badoa ere, irudi horrek agerian uzten du arlo honetan ere berdintasunetik urrun gaudela”.