Donostiako 25 ikastetxe hartzen ari dira parte prestakuntza jardunaldi batzuetan, hainbat arriskutatik babestu eta horiek saihestu ahal izateko.
2013-2016ko Mendetasunen Kontrolerako Planaren memoria aurkeztu du Donostiako Udalak. Planaren helburua da legezko eta legez kanpoko substantziek zein teknologia berriek dituzten
arriskuak murriztea eta ondorioen berri izatea.”Haurren eta adin txikikoen babesa bermatzeko politikarik eraginkorrena da prebentzioa”, nabarmendu du Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek. Horregatik,
formakuntza eta sentsibilizazioa sustatu izan dituzte eta horrela jarraituko dute prestatzen ari diren 2017-2021 Planerako. Bertan, arreta berezia jarriko diete teknologia berriekin lotutako mendetasunei.
Izan ere, duela lau urte konturatu zen udala ohiko drogez gain, teknologia berriek ere mendetasuna eragiten zutela gazteengan. Hori dela eta, hiru arlotan zentratuko dira hemendik aurrera:
substantzia legalak, legez kanpoko substantziak eta teknologia berriak. “Udalak ikusi du heziketa sustatzeko beharra dagoela, irakasleek, ikasleek eta gurasoek erabilera ona egin dezaten eta arriskuak prebenitzeko tresnak izan ditzaten”, esan du San Romanek. Horren harira, iazko ikasturtean abian jarri zuten
IKT, erabilera egokia eta arriskuak online plataforma, guraso, ikasle, irakasle, hezitzaile eta psikologoentzat. Bertan, kezkak eta ezagutzak elkar trukatu dituzte eta 300 lagunek baino gehiagok eman dute izena.
Plan berrian, aurrekoan landu diren
kanpainak egiten jarraituko dute: tartean, drogen eta alkoholaren prebentzioa, gazte lokaletan mendetasunekin lotutako gaiei buruzko informazioa, prestakuntza eta aholkularitza programak.
2016ko Aste Nagusian, adibidez, maila proba bat egin zuten, alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruzko sentsibilizazio kanpaina baten barruan. Bretxan egin zituzten
617 kontrol, 16 eta 20 bitarteko gazteekin, eta horietatik 282k eman zuten positibo.