Yogaren Nazioarteko Eguna egingo dute ekainaren 21ean. Donostian ere ez dira faltako horren inguruko jarduerak. Antolakuntzan dabiltzan hainbat irakaslerekin izan da Irutxuloko Hitza, modan dagoen praktika ezagutzeko.

Donostiako Yogako egunaren antolatzaileetako batzuk. (Argazkia: L. Ferreira)
Buruko eta gorputzeko teknika eta praktika desberdinen multzoa da yoga. Jatorria Indian du, eta duela 5.000 urte ingurukoa da. Helburu nagusia da gorputza, burua eta arimaren artean oreka lortzea. Egun, mundu osoan zehar zabaldu da eta gizartearen zati handi batentzat bizi filosofia bilakatu da yoga. Datorren asteazkenean, ekainaren 21ean, Yogaren Nazioarteko Eguna egingo dute mundu mailan, eta Donostian ere egun osoko egitaraua prestatu dute. Horien antolatzaileetako batzuk dira Koldo Ruiz, Jose Luis Dorremoz Sherab, Javier Espina Ananta Das eta Amaia Lainez irakasleak.
Ruiz eta Ananta Das gaztetxoak zirela hasi ziren meditatzen, «ia jakin gabe», eta ondoren yogaren inguruko formakuntza jaso zuten. Sherab ikasle gisa hasi zen yoga munduan, eta, 2004tik hona, irakasle gisa dabil. Lainezek, berriz, bi lanbide tartekatzen ditu; yoga irakaslea ez ezik, webgune diseinatzailea ere bada.
Eguneroko bizitzarako
«Yoga hitzak elkartasuna, batasuna esan nahi du, eta bilatzen duguna da gure buruak menderatu ahal izatea. Hau da, gure buruetan dauden pentsamendu horiek guztiak ezagutu eta kudeatzen jakitea», azaldu du Ananta Dasek. Horretarako, erabiltzen dituzte asana –postura fisikoak– batzuk eta meditazioa. Beste hainbat onuren artean nabarmentzen dute bakoitza norbere buruarekin ondo sentitzeko balio duela: «Ez bada orainaldian erabiltzen, ez du ezertarako balio. Eguneroko bizitzan eralbigarria behar du izan. Azken batean, momentuan gertatzen ari dena bizitzea da garrantzitsuena».
Sherabek beheraldi baten ondorioz ezagutu zuen yoga. «Konturatu nintzen pilulek ez zidatela laguntzen eta okerrera egiten ari nintzela. Azkenean, orotariko sendagileak yoga egitea gomendatu zidan. Ohartu nintzen, ez nekiela arnasa ondo hartzen, eta burua eta gorputzaren arteko lotura arnasketa da; beraz, gaizki arnasten baduzu, gorputza eta burua ere gaizki egon daitezke».
Ruizek dio yogak hiru alderdi dituela: fisikoa (bizkarrezurra, gorputzeko tentsioak…), psikikoa (estresa, bereziki) eta espirituala. «Bizitza filosofia bat izateaz gain, bizitzeko modu bat da; yoga praktikatzean, egiten duzunaz eta gertatzen zaizunaz kontzienteagoa zara. Pertsona bakoitzak bere yoga aurkitzen du, baina azkenaldian fisikoarekin bakarrik lotzen da. Ulertzen dut jendeak, beharbada, hori eskatzen duela, baina ez dator bat jatorrizko oinarriarekin».
Azken urteotan, mundu osotik barrena zabaldu da yoga. Espinaren arabera, gure bizimodua da horren arrazoi nagusia: «Mundu honetan beti kanpora begira bizi gara. Jendearen bizitza erritmoa oso azkarra da; noizean behin gelditzea beharrezkoa da, zure barrenera jo eta nola zauden ikustea. Yogak horretan laguntzen du, lasaitzen zaitu eta zure burua garbitzen du; horrela, gauzak argiago ikusten dituzu». Sherabek gehitu du: «XXI. mendeko gaixotasuna estresa da, eta yoga da antidotorik onena. Gainera, edonork egin dezake eta edonon praktikatu daiteke».
Horren harira, ikastetxe askotan yoga eskolak emateko eskaria asko hazi dela diote irakasleek: «Haurrei eskaintzen dizkiegun eskolak askoz dinamikoagoak dira, baina eskaria altua da ume ugari pilulak hartzen dituztelako lasaigarri gisa, eta hori saihestu nahi dutelako nolabait».
Baina yoga praktikatu nahi duenak ez du zertan une txar bat igaro behar. Espinari, adibidez, sortzaileago izaten laguntzen dio: «Webgune diseinatzailea naizen aldetik, yoga egiteak sormen maila areagotzen dit nire lanean».
Hain zuzen ere, Ananta Dasek adierazi du gero eta enpresa gehiagok txertatzen dutela yoga euren egunerokoan. «Abantaila ugari ditu: lankideen arteko harremana gertukoagoa bilakatzen da, lan giroa ere hobetzen du eta langileen eraginkortasuna hazi egiten da. Zientifikoki frogatuta dago zientzia esperimental bat dela eta onura ugari eskaintzen dituela. Gure agintari guztiek yoga egingo balute, mundua bide hobe batetik joango litzateke».
YOGAREN NAZIOARTEKO EGUNA – EKAINAK 21, ASTEAZKENA
- 8:00-9:00. Hatha Yoga: Pranayama, Asanak, Meditazioa. Marta Olazabal eta Koldo Ruiz. Kontxa hondartzan.
- 10:00-10:50. Yoga Kundalini. Amaia Lainez. Alderdi Ederren.
- 10:50-11:30. Hatha Yoga: Erlaxazioa, Pranayama, Mantrak. Sherab. Alderdi Ederren.
- 12:00-13:30. Mahai ingurua: Zertarako balio du Yogak eskola amaitzerakoan? Moderatzailea: Chema (Preste Juan). Hizlariak: Grazia Suffriti, Sherab eta Koldo Ruiz. Alderdi Ederren.
- 15:30-16:15. Elkarrizketa: Bizipenak. Alderdi Ederren.
- 16:30-17:30. Bikotekako Yoga: pranayama, asanak, meditazioa. Ananta Das eta Itxaso Alonso. Alderdi Ederren.
- 17:30-18:00. Kontzertua: Cuencos Tibetanos. Eider Ustarroz. Alderdi Ederren.
- 19:00-20:30. Hitzaldia: Los cinco cuerpos sutiles. Yannick Mercie. Koldo Mitxelenan.