Lore sorten San Joan bezpera ospatuko dute Egian
Mito, erritu eta emozio handiko jarduerak egingo dituzte Egiako Plaza Haundin, San Joan bezperan. Horien artean bereizgarriena lore sortena da. Euskal Herriko sorginen gaua zela eta, San Joan lore sortak egiten ziren, gaitzak aldendu, etxea babestu eta urte osorako osasuna ziurtatzeko. Ohitura zaharra berreskuratzeko asmotan, urtero Bagera Elkarteak lore sortak banatzen ditu plazan.
Hilaren 23ko ospakizuna Sudur kultur elkarteak antolatzen du. Aipaturiko lore-sorten banaketarekin batera, arratsaldetik iluntzera bitarte oilaskoa eta patata tortila afaltzeko aukera izaten da. Gauean, berriz, suaren inguruko ospakizunari hasiera ematen zaio. Suaren inguruan, auzotarrek Alpargata dantza, Fandangoa eta Arin arina dantzatzen dituzte. Ondoren, aurreko urtetik etxean gorde dituzten lore sortak sutara botako dituzte, beste gauzekin batera, udari ongi etorria emateko.
Aurten ere, Ongi etorri eskolara proiektutik, Aitor Ikastolako eta Maria Reina eskolako Familia laguna programan parte hartzen ari diren familia batzuk elkartuko dituzte. Familia horiek jatorri desberdinetakoak dira (India, Frantzia, Honduras, Venezuela, Errumania, Ukraina,…), eta beraien familia lagun euskaldunarekin batera Alpargata dantza dantzatuko dute suaren inguruan.