Galdeketa egiteko 8.000 sinadura bildu nahi ditu Gure Esku Dagok
Galdeketa egin nahi dute datorren urtean Donostian eta horretarako lan taldea sortu dutela jakinarazi du Donostiako Gure Esku Dagok Koldo Mitxelenan egin duten agerraldian. “Donostian ere galdeketa egiteko asmoa dugu eta horretarako 8.000 sinadura bildu nahi ditugu. Ziur lortuko dugula”, azaldu dute antolatzaileek.
Maite Bidarte eta Edurne Garmendia taldeko ordezkariek azaldu dute hirian oro har erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera sumatzen dutela. Hori dela eta, orain dela hilabete batzuk lanean hasi ziren hainbat lagun eta, orain, 8.000 sinadura bildu nahi dituzte udazkenean prozesuari ekiteko.
Azaldu dute datozen asteetan galdeketaren egitasmoa “gizarteratu” nahi dutela eta aurreratu dute Aste Nagusian ere “zerbait berezia” egin nahi dutela. Bestalde, jakinarazi dute auzoetan taldeak sortu nahi dituztela eta azaroan ekingo liokete kontsulta deitzeko sinadura kanpainari.
Gure Esku Dagoko protokoloak dioen bezala, boto eskubidea duten donostiarren %2k galdeketaren alde sinatu beharko lukete prozesua gutxieneko babesarekin hasteko, baina, hala ere, %5eko gutxienekoa jarri dute helburu gisa. Kopuru horretara iritsiz gero, galdera adosteko prozesu bat abiatuko dute 2018ko maiatza eta ekaina bitartean, eta gero galdeketaren eguna zehaztuko lukete.