Autobusen ibibideak azaltzen dituen panela, Donostiako autobus geltokian. (Argazkia: gipuzkoa.eus)
Lurraldebusek Bilboko aireportura duen zerbitzua zabalduko du, uztailaren 1etik aurrera. Donostiaren eta Loiuko aireportuaren artean, orduerdiro autobusak jarriko dituzte. Horrela, urtean zehar zerbitzuak duen maiztasunak bikoiztu egingo dute. Dagoeneko erreserba daitezke txartelak, Pesa konpainiarekin harremanetan jarrita.
Zerbitzuaren premia azpimarratu du Marisol Garmendiak, Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatuak: “Uda opor-garaia da eta pertsona askok baliatzen du Bilboko aireportutik bidaiatzeko. Donostiaren eta Loiuko aireportuaren artean autobus-eskaintza on bat izatea herritarrei garraio publikoko zerbitzu eraginkor bat bermatzeko apustua da”. Beste berritasun bat aipatu du linea horren erabiltzaileentzat. “Bilboko aireportuko terminalean makina txartel-banatzaile bat instalatu dugu, txartela banku-txartelaren bidez erosteko. Hobekuntza garrantzitsua da; orain arte autobus gidariari zuzenean erosten zitzaion”
Donostiako geltokitik, esan bezala, orduerdiro irtengo dira autobusak, 4:30 eta 21:30 artean; Loiuko aireportutik 6:15 eta 23:45 artean izango dira autobusak.