Usadioz beteriko gaua
Euskal mitologiaren arabera, magikotasun kutsua du San Joan bezperak. Horrekin lotutako hainbat erritu azaldu ditu Aranzadiko Daniel Maria Perez Altamirak.
Jendeak ez daki erritu hauek guztiak gure barrengo behar batetik sortzen direla”. Daniel Maria Perez Altamira. Aranzadiko kidea.Perez Altamiraren arabera, duela urte batzuk, ura gaiztotasunez beterik zegoen: «Gauetan, ezinezkoa zen iturrietako ura edatea. Soilik edan zitekeen txingarrean sartuta, horrela bakarrik lortzen baitzen gaiztotasun horiek guztiak desagerraraztea». Halere, salbuespena San Joan bezpera da: suaren ondoren eta egunsentia baino lehen ura edan behar da, gau horretan urak indar gehien hartzen duen unea baita. Garai batean, gau horretan zapi bat busti eta horrekin gaixotasunen bat zuen pertsonaren gorputzaren atalean jartzen zuten sendatzeko. Ondoren, zapi horiek erretzen zituen apaizak. Horretaz gain, San Joan bezperaren bueltan, lore sortak jasotzen dira. Basoloreak eta landutako loreak bereizten dira, baina biekin egin ohi da erritua: «Duela urte batzuk, jasotako loreak bitan banatzen ziren: batzuk jartzen ziren baserriaren inguruan, gaitzak uxatzeko, etxea babesteko eta etxekoen osasuna ona izan zedin; beste batzuk, berriz, gorde egiten ziren. Izan ere, urte horretan zehar norbait hiltzen bazen, infusio bat prestatzen zuten, hildakoa garbitzeko». Egun, ohitura hori berreskuratzen saiatzen ari dira. Esaterako, Bagera elkarteak lore sortak banatzen ditu Donostiako zenbait auzotan. Aurten, zehazki, lore sortak egiteko behar diren osagai batzuk Uliako lore baratzetan landatu dituzte auzolanean. Azken batean, erritualak gure barreneko isla direla adierazi du Perez Altamirak: «Garai batean, gizarteak prozesu batzuk bizitzen zituen, eta erritualen bitartez garbitu eta pertsona gisa heldu bilakatzen ziren. Baina, egun, horrelakorik ez da egiten, eta gizonezko eta emakumezko gehienak ez dira heldutasunera heltzen. Barrena lantzea beharrezkoa da gure bakea eta heldutasuna eskuratzeko. Jendeak ez daki erritu hauek guztiak gure barrengo behar batetik sortzen direla». SUAK, AUZOZ AUZO GAUR, EKAINAK 23, OSTIRALA
- Aiete. 20:00etan, Jolastokin.
- Amara Berri. Akelarrea, konjurua eta herri dantzak, 22:30ean, Anoeta estadioaren ondoan.
- Antigua. Sua eta Amaia Arza eta Leire Zumetarekin erromeria, 22:00etan, Gaskonia plazan.
- Bidebieta. Queimada eta zezen suzkoa, 22:30etik aurrera. Sua, 00:00etan. Allende parkean
- Egia. Lore sorten banaketa, 22:00etan. San Joan dantza eta sua, 22:30ean. Plaza Handin.
- Gros. Lore banaketa, euskal dantzak eta queimada, 20:30etik aurrera. 22:00etan sua piztea eta erromeria. Saguesen.
- Herrera. Sua, Pasaiako txistulariekin eta Beti Alai dantza taldearekin, 22:30ean, San Luis plazan.
- Ibaeta. Sua eta musika, 22:30ean, Lorean (Zarautz, 113).
- Igeldo. San Joan eskeko koplarien irteera eta sua, 22:30ean, herriko plazan.
- Intxaurrondo. Sua eta plaza dantzak, 22:00etan, Bernart Etxepare plazan.
- Konstituzio plaza. Arbolaren agurra eta agintarien esku dantza, 19:00etatik aurrera.
- Loiola. Aztien lehorreratzea, dantza, akelarrea, sua piztea eta kikili salda, 21:00etan, Lorategi Hiriko futbol zelaiaren ondoan.
- Martutene. 22:00etan, ibaiaren ontziratokiaren ondoko zelaitxoan (Okendotegi bidea, 41).
- Morlans. Dantza, sua eta afari merienda, 20:00etan, Morlans pasealekuko 29-31 zenbakietan.
- Oleta. Sua eta zezen suzkoa, 00:00etan, Oleta 27 kalean.
- Parte Zaharra. Kalejira Pasealeku Berriraino, 20:30ean. Sua piztea eta dantzak, 21:30ean.
- Txomin. Suaren inguruan afalduko dute, 21:00etan, Antxineta 24 pasealekuan.