Antiguako Jakintza ikastolan hainbat obra egingo dituzte. (Argazkia: Hitza)
Eskoletako oporraldia baliatuz, Donostiako hainbat ikastetxeetan lanak egiteko milioi bat euro inbertituko dituzte. Udalak 594.788,03 euroko inbertsioa egingo du, eta gainontzekoa Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza programaren bidez jasoko du.
Finantzaketa moduaren arabera, bi motatako inbertsioak egingo dituzte. Udalaguntza programaren bidez, bi lan nagusi finantzatuko ditu udalak. Jaurlaritzak %60 ordainduko du eta udalak %40. Batetik, Erregezain kaleko Jakintza HLHI ikastetxeko teilatua berrituko dute. Bestetik, Urbieta kaleko Amara Berri HHI ikastetxeari leiho berriak jarriko dizkiote. Lanak uztailean hasiko dira, eta zatirik handiena udako hilabeteetan egingo da, ikastetxeen funtzionamendua ez oztopatzeko.
Inbertsio propioei dagokienez, sei ikastetxeetan konponketak egiteko dirua bideratuko dute. Ondorengo ikastetxeetan egingo dituzte obrak: Altza Leosiñeta HHI, Arantzazuko Ama HLHI, Aitor Ametzagaña LHI, Herrera HLHI, Jakintza Erregezain HLHI eta Arantzazuko Ama HLHI. Horiez gain, eraikinak egoera onean mantentzeko hainbat lan egingo dira zenbait ikastetxeetan.