Auzotarrek eta jauregiak dituzten beharrei erantzutea du helburu azpiegitura berriak
Miramar jauregia.Artxiboko irudia
Donostiako Udalak Miramarren lur-azpiko aparkalekua egiteko asmoa du. Proiektua aurrera eramateko, eskaera-azterketa baten bidez Antiguako auzotarren iritzia jasoko dute.
Uztaileko lehen astean Antiguako 4883 auzotarrek, 2752 etxebizitzatan erroldatuta daudenak, gutuna jasoko dute. Proiektuaren informazioa jasotzearekin batera, Miramarren azpian aparkalekua erosteko interesik duten galdetuko zaie. Kontsultaren helburua eskaera zenbatekoa den jakitea da, udalak sustatuko duen erabilera pribatuko aparkalekuaren inguruan.
Udalak Miramarren inguruko ezaugarrien azterketa egin du. Hala, aparkalekua egiteko proiektua garatzea ahalbidetuko luketen baldintzak eta ekononomia bideragarritasuna aztertu dituzte. Hori eginda, baldintza batzuk jarri dituzte: jauregiaren eraikina eta lorategietan eragin txikiena izatea, Pio Baroka kalerik sarrera egokia izatea, eta bi solairuko aparkalekua izatea. Halaber, Parkean autoen sarbidea baztertu dute eta lur-azalean aparkalekua egitea.
Azterketen arabera, aparkalekua egiteko haibat aukera daude. Bi solairu egiteko aukera dago, 210 eta 250 plaza inguru izango lituzke, eta 5 eta 5,5 milio euro arteko hasierako aurrekontua eskatuko luke.
Miramarren erabilera eta etorkizuna
Gaur egun, Eusko Ikaskuntzaren eta EHUren Udako Ikastaroen egoitza da Miramar jauregia. Bertan egiten diren ekitaldietan aparkatzeko tokien falta egon ohi da, eta horrek jauregiaren erabilera murrizten duela adierazi du udalak. Eneko Goia alkateak gaineratu du, aparkalekuaren proiektua jauregiaren etorkizuna aztertzeko balio izango duela. “Miramar jauregiaren Partzuergoa osatzen duten Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta udala lanean ari gara”.
Bestalde, jauregiak Kursaalen programatzen dituen ekitaldi batzuk hartu ditzakeela azaldu du Goiak. “Bisita gidatuen bidez jauregia bera ezagutzeko aukera eskaintzea ere hor dago”.