Eraikuntza hitzarmen duin bat eskatu du LAB sindikatuak Anoetako obran
LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean, Anoeta estadioan, bertako lanak eraikuntza hitzarmen duin batekin egin daitezen. Eraikuntza arloko ordez Jonan Goñik hitz egin die komunikabideei.
Adierazi duenez, Anoetako obran zein herrialdeko gainontzekoetan eraikuntza sektoreko hitzarmena bete behar da: “Gipuzkoako hitzarmenaren lan baldintzak errespetatzen direla bermatu behar dute instituzioek, pliegoetan gutxieneko baldintza ezarriz, eta azpikontratazio kate luzeari jarraipen estua eginez hitzarmena bera errespetatzen dela ziurtatzeko”.
Gainera, hitzarmenak duina izan behar duela nabarmendu du. Izan ere, sektoreko hitzarmena 2009koa da; “beraz, bada garaia hitzarmena berritzeko. Ezin dugu onartu 2017an 2009an baino lan baldintza okerragoak izatea. Langileek jasaten duten prekarietatea jasanezina da”.
Amaitzeko, gogorarazi du LAB eta ELAk eraikuntza sektoreko ordezkaritza sindikalaren ia %90 osatzen dutela. Hortaz, langileentzat hitzarmen hoberena lortu ahal izateko, LABek positibotzat jotzen du bi sindikatuen arteko elkarlana.