Altzatarock jaialdia, txapelketak, artisau lan eta produktuen erakusketa... egitarau zabala osatu dute.
Altzako sanmartzialetako jai batzordeko kideak, egitarauarekin. (Argazkia: L.F.)
Sanmartzialetan murgilduta daude dagoeneko Altzan. Gaur udal bolatokian XVI. San Martzial Bolo txapelketa jokatu dute haurrek, eta, udal toka pistan, XXXI. San Martzial txapelketa egin dute. Halere, biharko eguna, ostirala, izango da Altzakoentzako egunik bereziena: San Martzial.
Jolas parkea zabalduko dute haurrentzako, 10:30ean eta 16:30ean. Ondoren, 17:00etan,
bolo jaurtiketan arituko dira udal bolatokian, eta, ordu berean, umeek Altzagainako plaza gorrian Casares-Tomasene kultur etxeek eskainiko dute
Ganso & Cia taldearen Walkman antzezlana.
Txokolatearekin indarrak hartu, 18:30ean, eta ordubete beranduago adin guztientzako apar festa antolatu dute. Herri Ametsa ikastolako
dantza taldearen emanaldia egongo da 20:00etan, eta
Taupada taldeak bere batukadarekin alaituko ditu bertaratzen direnak.
Altzatarock jaialdiarekin amaituko da eguna; Desembragadores, Hail Noise eta WE taldeek emango dituzte kontzertuak.
Larunbatean,
pilota partidekin hasiko dute eguna, 10:00etan, eta 11:00etan eta 12:00etan xake –Javier Dominguez nazioarteko jokalariarekin– eta
toka txapelketak egingo dituzte. Bazkaldu baino lehen, 13:00etan, Pasaiako Alkartasuna dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Arratsaldean, 18:00etan, hurrengo egunean parte hartuko duten idiak pisatuko dituzte, baita sagardoa dastatu ere.
Danborrada eta San Martzial ereserkia
Jai eremuan
buruhandiak ibiliko dira, 19:00etan, trikitixak lagunduta. Gauean, 22:30etik aurrera, Altzako kaleetatik
danborradak desfilatuko du. 00:00etan, San Martzial plazako udaletxearen aurrean
San Martzial ereserkia kantatuko dute,
Pasai musika taldearen laguntzarekin.
Igandean, uztailak 2, egun osoan zehar,
artisau lanen erakusketa eta salmenta egongo dira, eta, goizean,
tokiko baserrien produktuena. 10:45ean hasiko da
XXVIII. Sagardo lehiaketa, eta, 12:00etan, taloak egongo dira eskuragarri. Jarraian, 12:30ean, idi probak hasiko dira.
Bertsolaritzak ere izango du bere tartea; zehazki, 13:30ean,
Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia arituko dira oholtza gainean, Joseba Alkiza gai jartzailearekin batera. Altzatarra K.E.-aren egoitzan egingo dute
anaitasunezko bazkaria, bertsolariekin, eta azken hauek beste saio bat eskainiko dute, 19:00etan, Altzagainako San Martzial plazan.