Intxaur jaiak hasiko dira gaur, Sagastieder plazan. Parte hartzea handiagoa izan da aurten eta jarduera berriak txertatu dituzte; tartean, muxikoak eta bermutekea.
Intxaur jaietako hiru kide, Sagastieder plazan. (Argazkia: Lide Ferreira)
2015. urtean bidea egiten hasi ziren Intxaur jaiak, aurretik urte askoan auzoan egiten ziren Kaldero Jaun festen lekukoa hartu ostean. Izan ere, 2014an, garai hartako jai batzordeak festak antolatzeari utziko ziola iragarri zuen: «Batzorde honi lekukoa emateko garaia iritsi zaio. Datorren urtean berriro ere jaiak ospatu nahi baditugu, jende gazteagoa behar dugu, batzorde berri bat sortzeko».
Erabaki horren aurrean, Intxaurrondoko zenbait eragile eta norbanako ohartu ziren jaiek bizitasuna eta bizipoza ematen ziotela auzoari eta, beraz, ezin zituztela utzi jaiak bere horretan desagertzen. Aukera paregabea ikusi zuten beraiek beti amesturiko jai herrikoi, parekide, euskaldun eta parte hartzaile batzuei auzotik ekiteko. Pixkanaka, bidea egiteari ekin zioten eta hainbat auzotarren laguntza eta atxikimenduaz baliaturik aurrera egitea lortu dute.
Erronkarako indartsu
«Guk ez genuen festak amaitzea nahi, eta aukera polita iruditu zitzaigun jai desberdin batzuk antolatzeko. Gainera, gazteak izanda, indartsu sentitzen ginen erronka horri aurre egiteko», gogoratu du Itsaso Goñik, Intxaur jai batzordeko kide batek.
Zerotik hasi behar izan zuten, eta prozesu hori gogorra izan zela nabarmendu du Miren Ogandok, jai batzordeko beste kide batek: «Izapide pila bat egin behar dira, eta oso galduta ibili ginen. Lehenengo urtean, adibidez, ezin izan genuen diru laguntzarik eskatu berandu iritsi ginelako, eta gure poltsikotik jarri behar izan genuen».
Hori igarota, urtez urte hobetzen doazela diote, eta oso pozik daude egindako lanarekin. «Aurreko jai ereduarekin talka bat dago eta kritika batzuk jaso izan ditugu, baina auzotar gehienak gustura daude», adierazi du Ogandok.
Gainera, aurten, jaien antolaketan parte hartzea handitu egin dela azpimarratu du Iñigo Barreirok, jai batzordeko beste kide batek: «Nahiz eta gazteok sortu genuen, gure batzordea irekia da guztiz, eta gogotsu gaude besteen ekarpenak entzun eta jasotzeko. Aurten, esaterako, proposatu dira muxikoak egitea, eta egitarauan egongo dira. Espero dugu urtero jende gehiago etortzea benetako jai batzorde bat sortu arte».
Normalean, Intxaurrondo kultur etxean bildu izan dira jaiak antolatzeko, baina badute beste modu bat batzarretara joateko aukerarik ez dutenentzat. «Posta elektroniko bidezko sare bat sortu dugu, interesa duen orori bidaltzen diogu informazioa. Modu bat da ahalik eta iritzi gehien jasotzeko», esan du Goñik.
Ogandoren arabera, auzo batasuna eta nortasuna indartu nahi dituzte jaien bitartez: «Intxaurrondo auzo oso handia da, zatituta dago, periferian… Eta joera dugu kanpora begiratzeko. Hau da, Kaiko karmenetara edo Egiako Porrontxotara jaitsi gaitezke, baina hemen ditugunean jaiak kosta egiten zaigu. Zergatik geratu atzean? Auzoan indar handia dago. Gure erronka handiena da auzo nortasuna eta batasuna indartzea, eta horretarako mekanismo bat dira jaiak».
Aurten, beraz, 3. Intxaur Jaiak ospatuko dituzte, Sagastieder plazan. Kartela auzoko Aitor Ouladek egin du, eta bertan ikus daitezkeen koloreek islatzen dute jai batzordekoen xede nagusia: adin guztietarako jaiak izatea.
Gaur, 19:00etan jaurtiko dute txupinazoa eta ur zezenak eta buruhandiak ibiliko dira auzoan zehar. Baina, lehenago, 17:00etatik aurrera, haur eta gazteentzako jolasak egingo dituzte. Gauean, 22:00etan, Perros de Pavlov, Rukula eta Pelax eta Telmo Trenor igoko dira agertokira.
Herri kirolak
Bihar, larunbata, berritasunetako batekin hasiko dute eguna: muxikoak, 12:00etan, Xoxoteko bandaren eskutik. Bazkari herrikoian indarrak hartu eta herri kirolak egingo dituzte lehen aldiz, 17:00etatik 18:30era. Elektrotxaranga ere jarduera berria da: Sagastieder plazako inguruak alaituko ditu 18:30etik aurrera. Musikak jarraipena izango du 22:00etan, Ezen Balea eta Ingo Al Deu taldeen kontzertuekin.
Igandea izango da jaien azken eguna. Isamu-Shotokan karate taldearen erakustaldia egongo da goizean, 11:00etan; eta, 12:00etan, bermutekea egingo dute lehenengoz: «DJ bat jarriko dugu plazan, chill out baten antzera; igandeko plan bikaina izango da». Otxotearen txanda izango da ondoren, 13:00etan.
Arratsaldean, berriz, ur zezenak eta buruhandiak ibiliko dira plazatik, 17:30ean, eta Eidabe antzerki taldearen ikuskizuna –Txapela buruan eta ibili munduan– egongo da gero, 18:00etan. Auzoko rap talde baten –Trikuharri– emanaldia izango da jaietako azken jarduera, 20:00etan.