Irudian, Kaiko jai batzordeko hainbat kide. (Argazkia: L.Ferreira)
Kaiko Karmengo jaien batzordeak festak antolatu ahal izateko bizi duen egoera zailaz ohartarazi du aurten. Kaiaren erabileraren zergekin lotuta daude zailtasunak. 2015. urtera arte 800 eta 1.000 euro inguruko zergak ordaintzen ziren, okupatutako lur eremua –txosnak eta agertokiak jartzen dituzten gunea– eta jaiegun kopurua aintzat hartuta. Iaz, ordea, 15.000 euro eskatu zizkien Eusko Jaurlaritzak. Ez zuen tasa igo, baina jaietarako erabiltzen duten lurzoruaren eremu handiagoa neurtu zuten, eta 200 metro koadro beharrean, 4.000 kobratu nahi izan zizkieten. Ez zuten ordaindu eta kontu korrontea enbargatu zieten.
Jai batzordearen ustez, 2015era arte ordaintzen zituzten tasak arrazoizkoak dira, eta tasa horiek ordaindu ahal izateko akordioak lortu berri dituzte. Hala adierazi dute sare sozialen bidez zabaldu duten ohar baten bidez.
Azken orduko berriak:
– 2016ko zergak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu ahal izan genituen. Metro karratuak eta zergak erdira murriztuz.
– 2017. urteko zergak ordaintzeko udalarekin akordio batera iritsi gera.
– Kontuan edukita denbora gure kontran doala, lortu ahal izan duguna aste luze eta gogor hauetan nahikoa izan dela uste dugu.
– Hurrengo urtetik aurrera zergen kontua konpontzeko lanean jarraituko dugunaren konpromisoa hartzen dugu.
Irutxuloko Hitzak joan den astean argitaratu genuen
Kaiko jaien inguruan sortutako zalapartaren inguruko erreportaje bat. Donostiako Udaleko Jon Insausti zinegotziarekin eta Kaiko Karmengo jai batzordeekin hitz egin genuen.