Hainbat lagun bildu dira Kursaalaren kanpoaldean.
Kursaalean kontzertua ematekoa da gaur Mayumana talde israeldarra eta boikota egiteko elkarretaratzea egin dute Palestinarekin elkartasun taldeek deituta.
Israelek palestinarren oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu, beste eragile askoren artean Nazio Batuen Erakundeak dioenez.
“Gure iritziz, Mayumana konpainiak Israelgo Gobernuak bultzatzen duen palestinarren kontrako apartheida estali eta gobernu sionista nazioarte mailan estatu normal gazte, demokratiko, atsegin eta kultur-anitz bezala aurkezteko funtzioa betetzen du”, azaldu dute. Jendeari beraien kezkaren berri eman nahi izan dietela azaldu dute eta esku orriak banatu dituzte Kursaal sarreran: “Ikusarazi nahi dugu ikuskizun hau ikusi ahal izateko ilaran minututxo batzuk zain igarotzen dituzten bitartean, palestinarrek orduak eta orduak igarotzen dituztela
check point delakoetan”.
Palestinarekin Elkartasuna plataformatik deialdi hirukoitza egin dute: Jendeari ikuskizuna ikustera ez joateko deia egin die, Kursaal Fundazioari horrelako ikuskizunak programatzeari usteko eskatu diote eta, azkenik, Euskal Herriko erakunde publikoei, Israelgo Gobernuarekin izan ditzaketen erlazioak bertan behera utz ditzan.