'Ibar ixil batean' diskoa plazaratu du Iñaki Zabaleta kantari eta musikagileak
Melodia berriak sortzeaz gain, euskal bertso eta olerki zaharrei musika jarri die.
Oiartzungoa bada ere, Iñaki Zabaleta abeslari eta konpositoreak urteak daramatza Donostian bizitzen. Berriki, bere bakarkako bosgarren lana kaleratu du: Ibar ixil batean. Aurreko lanen eta bere kantu ibilbidearen laburpen gisa aurkeztu du diskoa, eta horietan bezala, euskal bertso eta olerkiei musika jarri die, doinu zaindu eta leunen bitartez.
Diskoak 12 doinu biltzen ditu, eta nabarmenak dira Oiartzuni eskainitako abestiak zein Xabier Lete olerkariaren Neguan izan zen poemari jarritako musika. Egungo gizarteak bizi duen errefuxiatuen egoera ere jaso du Zabaletak.
Grabaketa bere kabuz egin du musikariak, Oiartzungo Mecca estudioetan eta Juantxo Zeberio Etxetxipiak egin ditu abesti guztien moldaketak. Disko berriaren portadarako Manu Muniategiandikoetxea sortzailearen laguntza izan du.