(Bideoa) "3. Intxaur jaiak aurrera atera ditugu; eskerrik asko denoi!"
Intxaur jai batzordeak bideo bat osatu du auzoko festetan partu hartu duten guztiei eskerrak emateko eta asteburuan bizi zen giroa erakusteko asmoz. Euren apustu handiena da auzoko jaiak euskalduntzea eta parte hartze ahalik eta handiena sustatzea, eta horretan indarrak jarri dituzte aurten ere Intxaurrondokoek. Eguraldia ez dute nahi bezain lagun izan, baina jaiak aurrera atera dituztela diote, eta oso pozik daudela adierazi dute.
Ostiralean haur eta gaztetxoek Sagastieder plaza koloreztatu zuten haientzako antolatutako jolasei esker. Ondoren, jaiei hasiera emateko txupinazoa bota zuten, eta elektrotxaranga batek girotu zuen auzoa. Larunbatean, eguraldi traketsa izan arren, Muxikoak bertaratu ziren eta dantzak eskaini zituzten. Bazkari herrikoia oholtza gainean egin behar izan zuten, euritik babesteko, eta ondorengo trontza txapelketak arrakasta handia lortu zuen. Igandean, bermuteke batekin abiarazi ziren festak eta arratsaldean haurrentzako antzerkiaren eta rap kontzertu batekin amaitu ziren.