Eraikin zaharra eraitsi zuten, ingurua hesitua dago, eta obrak geldirik daude momentuz. (Argazkia: E. Zabala)
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak ikerketa bat egin du, 1999tik 2015erako datuak bilduz. Horrela, Jaurlaritzak ondorioztatu du amiantoak ez duela Altzako heriotza tasa handitu. Donostiako Udalak eskatu zion Osasun sailari azterketa epidemiologikoa egiteko.
Arduradunek diotenez, heriotza mota guztien eta amiantoaren ondorioz izandako heriotzen arteko konparazioa egin dute: mesotelioma, birikako minbizia eta asbestosis.
Txostenak aztertzen dituen 16 urteetan, 28 pertsona hil ziren Donostian mesoteliomaren ondorioz – 19 gizon eta 9 emakume -. Horietatik bakarra bizi omen zen Altzan. Ez zen hildakorik egon asbestosisaren ondorioz. Birikako minbiziari dagokionez, 2008tik 2012ra gutxitzen joan da. Emakumeetan, Euskadiko batez bestekoaren antzekoa izan zen, eta horrela jarraitu du azken 20 urteotan.
Dena den, azterketaren arabera, beharrezkoa da eboluzioa zaintzen jarraitzea. Izan ere, amiantoarekin kontaktuan egon eta 40 urtera sor dezake minbizia. Altzak heriotza-tasa handiagoa duela dio txostenak, amiantoarekin zerikusia duten gaixotasunengatik baino, beste hainbat patologien ondorioz: diabetesa, EPOC, zirrosia, hiesa, eta beste hainbat minbizi mota.