Metroaren aurkako martxa egingo dute larunbatean
Satorralaia metroaren aurkako mugimenduak deituta martxa bat egingo dute larunbatean 12:00etan Easoko tren geltokitik hasi eta Kontxako erlojuetara arte. Ekintza sinbolikoa izango dela azaldu dute eta ahalik eta jende gehien biltzeko deia egin dute.
Azaldu dute metroa Kontxako hondartza azpian eraikitzeko Madrilgo gobernuak eman berri duen kosten baimena “astakeria” bat dela: “Joan den ekainaren 14an Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzak obra hau Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko baimena eman duela salatzen dugu, astakeria bat delako”. Bestalde, erabakiaren inguruko “gardentasun falta” ere salatu dute: “Berriro ere Administrazioaren jarduera gardentasun falta batekin egiten dugu topo, eta Espainiako Gobernuak arrazoibide guztien gainetik igaro den bultzada politiko bati erantzunez eman diola susmatzen dugu Jaurlaritzari obra hori egiteko baimena”.
Azkenik, Mirakontxa-Easo zatian hasi dituzten lur desjabetzeak salatu dituzte.