Uliako mintegietako zuhaitzen balioa azpimarratu du auzo elkarteak
Ordezkatu ezin diren zuhaitzak 56 dira, txosten baten arabera
Uliako Auzo Elkarteak mintegietako parkeko zuhaitzen balioa jasotzen duen txostena aurkeztu du. Viveros Pagola teknikari taldeak osatu du, auzo elkarteak eskatuta.
Teknikariek txostenean jaso dutenez, ordezkatu ezin diren zuhaitzak 56 dira, eta beraien balioa 21.958.383 eurokoa da. Aldiz, ordezkatu daitezkeenak 66 dira (419.321 euro). Guztira, 122 zuhaitz daude mintegian, eta beraien balioa 22 milioi euro baino gehiagokoa da. Datuak aurkeztuta, Uliako Auzo Elkarteak eskatu du mintegietan etxebizitzarik ez eraikitzea.
Txostenaren arabera, zuhaitzen balioa neurtzea zaila da. Izan ere, zuhaitzek duten balio sozial eta ekologikoa ezin da eurotan neurtu. Horrela ere, teknikariek estimazio bat egin dute Granada Araua izeneko metodoa erabilita. Arau horrek bereizten ditu ordezkatu daitezkeen zuhaitzak, eta ordezkatu ezin direnak. Zuhaitz bat ordezkaezina da ezinezkoa bada mintegi batean hazitako antzeko zuhaitz bat lortzea.