Donostiako militante bat kanporatu du Sortuk, emakumeen aurkako abusu-praktika jarraitu batengatik
Sortu alderdiak jakinarazi duenez, Donostiako militante ezagun bat ezker abertzaletik kanporatzeko prozedura abian jarri dute, emakumeen kontrako abusu-praktika jarraitu batengatik.
Jasotako lekukotza eta datuen arabera, pertsona horrek, “militante izaera aprobetxatuz”, emakume gazteen argazkiak biluzik lortzeko “iruzurra eta manipulazioa” erabili dituela salatu du Sortuk.
Kaltetuak izan diren emakumeei “babes osoa” adierazi die alderdi abertzaleak, eta horien esku jarri dituzte beraien baliabide guztiak.
Sortuk “aho betez” salatzen ditu gertaera horiek, eta jakinarazi du eraso sexisten aurrean “zero tolerantzia” izaten jarraituko duela, edozein dela erasoen egilea eta erasoaren tamaina.