Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jaso dituzte datuak, eta 187.635 elkarrizketaren informazioa bildu dute.
Ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. (Argazkia: Soziolinguistika Klusterra)
Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu ditu gaur
Soziolinguistika Klusterrak. Ikerketaren zuzendari Olatz Altunak eman du 2016an Euskal Herri sooan behaketa bidez jasotako datuen berri. Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jaso dituzte datuak, eta 187.635 elkarrizketaren informazioa bildu dute.
Donostiari dagokionez, ondorio nagusia da
1989tik hona, ia bost puntu egin duela gora erabilerak. Baina, azken hamar urteotan, atzera egiten ari da kale erabilera. 2006a erabilera %18,2koa zen; 2016an, berriz, %15,2koa.
Beste hiriburuetako euskararen kale erabileraren bilakaerak bakoitzaren lurraldeko joera bera izan dute, Iruñean izan ezik. Zehazki, Iruñeako erabilera maila bere horretan dago 1997tik; Gasteizen euskararen erabilerak igoerarik nabarmenena izan du azken bost urtean; Bilbon txikitu egin da kaleko euskararen erabilera; eta Baionan gaztelaniaren erabileraren bezainbestekoa da euskararena.
Euskal Herri mailan
Euskal Herri mailan ere kale erabilera apaldu egin dela diote. Azken bost urteetan, gainera, euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera txikiagoa ere neurtu dute. Hego Euskal Herrian, 2011tik 2016ra, euskaldunak %50 baino gutxiago diren herrietan mantendu egin da euskararen erabilera maila; euskaldunak herritarren %50 baino gehiago diren herrietan, aldiz, jaitsiera neurtu dute.
Adin profilari dagokionez,
haurrak (%18,3) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak; horien ostean
gazteak (%12,3), ondoren
helduak (%11,5) eta, azkenik,
adinekoak (%8,1). 1989tik haurren, gazteen eta helduen euskararen erabilerak gora egin du; adinekoenak, berriz, etengabeko beherakada izan du. Sexuari erreparatuz,
emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute euskara kalean.