27.700 donostiar baino gehiago artatuko ditu gune berriak; datorren arreta zerbitzua Egian irekiko dutela iragarri du Eneko Goia alkateak.
Bisita egin du Eneko Goiak Morlansko Gizarte Zerbitzugunera. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek Morlansko Gizarte Zerbitzugunearen gune berrian izan dira.
Leire plazako 6-7 zenbakietan kokatutako egoitza berriak
312,76 metro koadro ditu;
27.746 donostiar artatuko ditu, eta 362.255,14 euroko kostua izan du. Amaran bizi diren pertsonak artatuko ditu, Araba parketik Isabel II. Hiribideko bikoitietaraino. Bertako telefono zenbakia ondorengoa da: 943 45 27 20.
Eneko Goiak azpimarratu du udalak, aurten, 25 milioi euro bideratu dituela Gizarte Ekintzako aurrekontura. Hala, adierazi du atentzioa herritarrei gerturatzen jarraituko duela udalak eta, zentzu horretan,
hurrengo arreta zerbitzua Egian irekiko dela. Aitziber San Romanek, bere aldetik, gogorarazi du Gizarte Zerbitzuguneak direla Euskadin dauden gizarte-zerbitzu eta baliabideen sarbidea: “Zentro hauek irekiak dira eta kasu guztien aurrean
informazioa, aholkuak eta laguntza emateko prest daude bertan”.
Zortzi daude hirian
2016ko apirilean, zortzigarren zerbitzugunea ireki zuen udalak, hain zuzen ere, Loiolako Erriberako zerbitzugunea. Bertan,
22.000 pertsona baino gehiagori laguntza eskaini zieten. Loiolako Erriberan, Loiolan, Txominen, Martutenen eta Osinagan bizi diren pertsonak artatzen ditu.
Gizarte Zerbitzuen xedeak dira pertsonen autonomia sustatzea; dependentziaren eraginez, pertsonek eta familiek dituzten beharrak prebenitzea eta artatzea; babesgabetasunaren ondorioz gertatutako egoerei aurre egiten laguntzea; gizarte-bazterketak eragin ditzaketen egoerei aurre egiten laguntzea nahiz pertsonen, familien eta taldeen gizarteratzea laguntzea eta larrialdi egoerak sortzen dituen beharrak aurreikusi eta artatzea.