Gipuzkoako Eraikuntza hitzarmena eta langileen eskubideak errespetatzeko, eta segurtasuna bermatzeko eskatu du sindikatuak; Realari hirugarren bilera eskaera egingo diote, hilabete bukaeran
Anoeta estadioaren aurrean protesta egin du ELA sindikatuak, aste honetan. (Argazkia: ELA sindikatua)
Anoeta futbol zelaia berritzeko lanak hurbiletik jarraitzen ari da ELA sindikatua. Aste honetan, estadio aurrean protesta egin dute lelo jakin batekin:
Anoetako obran Respect langileei – lurraldeari. Estadioaren berritze lanetan Gipuzkoako 2009ko eraikuntza hitzarmena betetzeko eskatu diote Donostiako Udalari eta Realari. Eneko Goia alkatearekin hitz egin zuten, eta hilabete bukaeran talde txuri-urdinari hirugarren bilera eskaera egingo diote.
Joan den maiatzaren 23an hasi zituzten Anoeta estadioko obrak. 50 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, eta horietatik 10 Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, 4 Gipuzkoako Foru Aldundiak eta gainerako 36 milioiak Realak. Zenbakiak aztertuta, ELA sindikatuak salatu du Anoetaren berritzeak prekaritatea eta iruzurra ekarriko dutela.
Obraren jarraipen zorrotza egiten ari da Igor San Jose ELA sindikatuko Eraikuntza arduraduna. «50 milioi eurotan egin nahi dute obra, eta gure kalkuluen arabera 70 beharko dituzte», azpimarratu du San Josek.
Anoeta Kiroldegiaren baldintza-agiria irakurtzerakoan konturatu zen gauza «arraroak» zeudela. «Udaleko beste obra batzuekin alderatuta, egiteko batzuen prezioak baxuagoak dira», azaldu du ELAko ordezkariak. Hori berresteko aukera izan dute duela gutxi, Txomin Enean adjudikatu den beste obra batekin. «Anoetako proiektua egin zuen arkitekto eta teknikari talde berdinak sinatu du, oso bestelako prezioekin».
Gutxienekoa
Anoetako obraren baldintza-agirian Donostiako Udalak aldaketa esanguratsu bat egin duela dio?San Josek: «Aurreko udal gobernuak gutxieneko bezala jarri zuen eraikuntzetan Gipuzkoako hitzarmena betetzea. Ordea, egungo udalak baldintza hori kendu du». Hori dela eta, eraikuntza enpresari galdetuko diote zein lan hitzarmen aplikatuko duen obran.
San Joseren ustez, Anoetako proiektuan dagoen diruaren arabera egin dute aurrekontua. «Horrek merkatu du lan bakoitza egiteko gastua». Ondorioz, langileen lan baldintzak okertuz iruzurra egiten ari direla salatu du ELAko ordezkariak.
Une honetan obraren lehen zatia egiten ari dira –880.669 euroko aurrekontua du–. Bigarren eta hirugarren zatiak zein enpresari adjudikatzen dizkioten uztaila bukaeran jakin ahal izango da. Batak 27,1 milioi euroko aurrekontua du eta bigarrenak 13 milioi eurokoa.
Beste bi zatien adjudikazioa jakin orduko ELA sindikatuak hurbiletik jarraituko du obra. «Lehen momentutik jakin nahi dugu enpresak zein lan hitzarmen hartzen duen. Izan ere, ez daude behartuta Gipuzkoako hitzarmena betetzera», esan du San Josek. Beste hitzarmen bat aplikatzen badute sindikatu bezala erantzungo dutela gaineratu du.
ELA sindikatuak 2009ko eraikuntza hitzarmena berritzeko asmoa du, datozen urteetan Gipuzkoan eta Donostia inguruan hainbat obra egingo direlako. «Une honetan ez da betetzen, kontrolik ez dagoelako», esan du San Josek.
Indarrean dagoen hitzarmenaren arabera, eraikuntzako langile batek 25.000 euro gordin kobratu beharko lituzke urtean, eta 1.690 ordu gehienez. «Ordua 12 eurotan kobratu beharko lukete. Aldiz, 5 eta 8 euro artean ari dira jasotzen, eta eguneko 11-12 ordu lan egiten dituzte».
«5.000 lanpostu sor daitezke eraikuntzako hitzarmena berritu eta behar bezala aplikatuta», dio ELAko ordezkariak. Ordea, «langile gutxiagorekin» egin nahi dira obrak, eta «erdia ordainduta».
Anoetaren berritzearekin batera, erraustegiko, AHTko eta Txomin Eneako obren jarraipena egiten jarraituko dute. «Iruzurra dagoela esan nahi dugu, eta duela bost urte hasitako borrokari jarraipena eman», adierazi du San Josek.