Guardetxean egongo da larunbatean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Rebeca Lane Guatemalako rap kantari feminista Donostian dago egun hauetan. Asteazkenean rap ikastaroa eskaini zuen Donostiako Emakumeen Etxean eta bihar Guardetxean arituko da kantuan 20:00etan hasita. Donostian dagoela baliatu dugu elkarrizketa egiteko.
Rap kantaria, aktibista feminista, Hip Hop kulturako aktibista eta hezitzailea da Lane. Hainbat gai lantzen ditu bere abestietan: Besteak beste, gerrak, injustizia sozialak eta Guatemalako erailketa matxistak.
Behin baino gehiagotan esan duzu artikulu zientifikoekin kontatzea lortu ez zenuena lortu duzula raparen bitartez.
Bai, hori Gizarte Zientzien arazoa da. Erabiltzen duten hizkuntza ez dago jendeak ulertzeko egina. Akademiak bere hizkuntza bat sortu du soilik beraien artean ulertzeko, eta sentitzen nuen horrek mugatu egiten zuela gainerako munduarekin eduki genezakeen komunikazioa. Gainera, hori are eta nabariagoa da Guatemala moduko herrialde batean. Hemen jende asko dago idazten eta irakurtzen ez dakiena, eta dakiten horitako askok apenas erabiltzen dute, ez dute beharrezkoa ikusten. Izan ere, Guatemalan Lehen Hezkuntza ere ez dago denentzat bermatua. Hori dela eta, ohartu nintzen nik idazten nituen artikulu zientifikoak ez zirela inoiz iritsiko nik iritsi nahi nuen jendearengana. Horregatik egin nuen salto musikara. Musikaren hizkuntza askoz errazagoa da ulertzen. Ez dut nahi pertsona batek nire letrak ulertzeko bost liburu irakurri behar izatea. Soziologian ikasi nituen gauza horiek modu erraz batean transmititu nahi ditut.
Aktibismoan hasi zinen lehenengo eta gero egin zenuen salto rap musikara.
Aktibismoan 14 edo 15 urterekin hasi nintzen, nire familia ere aktibista da. Familiako kide asko aritu ziren mugimendu sozialetan gerra garaian. 15 urte nituela gerrako biktimentzako justizia eskatzeko mobilizazioetan parte hartzen hasi nintzen. Gehienbat gure familiako desagertu eta eraildakoentzako justizia eskatzeko. Rapean, berriz, 28 urterekin edo. Poesia idazten nuen eta hortik hasi nintzen. Konturatu nintzen idazten nuen guztia nire inguruko jendeak soilik irakurtzen zuela eta nire poemei musika ipintzea otu zitzaidan. Azken finean hori da rapa.
Beste bi kiderekin batera ‘Somos Guerreras’ kolektiboa sortu duzu. Zer da?
Nakury y Nativa eta Audry Funk rap kantariekin batera sortu nuen
Somos Guerreras. Bidean topatu nituen eta garrantzitsua iruditu zitzaigun elkartzea Hip Hop-aren barruan emakumeak ikusarazteko lanean ari ginelako hiruok. 2015ean bira bat egin genuen Mexiko eta Amerika erdialdean. Orain material horrekin dokumental bat egin nahi dugu. Bertan, hainbat emakumeren testigantzak bildu ditugu, eta ideia da elkarrizketa horien bitartez emakumeek Hip Hop-aren mundua nola bizi duten ikusaraztea.
Zein da gaur egun Guatemalan duzuen egoera?
Egia esan egoerak hobera egin beharrean okerrera egin du. Gerra bukatu zenetik ez da prozesu judizialik egon. Egon dira juizio bakan batzuk baina ez da sendatze kolektiborik egin. Pertsona genozidak eta ustelak ditugu gobernuan. Pentsatzen dut azken urteetan datuak hobera egingo zutela baina duela 8 urte inguru inpunitate datuak ikaragarriak ziren: kasuen %98 ez zen zigortzen. Hau da edozein pertsona sentitzen zen edozer egiteko zilegitasunarekin; bazekiten ez zirela kartzelara joango. Eta noski, kartzelan daudenak gizarteko jenderik txiroena da. Benetan, gauzarik ankerrenak egiten ari den jende guzti hori kalean dago. Cristina Siekavizzaren kasua izan da Guatemalan inpaktu handia eduki duen gertaeretako bat. Klase oneko emakumea zen eta bere senarrak erail zuen. Senarraren ama epailea da eta aste honetan bertan bertan behera geratu da erasotzailearen aurkako epaiketa. Bost urte ibili da ama justizia egitea eragozteko oztopoak jartzen. Bestalde, martxoaren 8an gertatutakoa daukagu: estatu mailako feminizidio bat. 42 neskato hil ziren harrera etxe batean. Egun bat lehenago ihes egin zuten torturak, bortxaketak eta prostituzio behartua salatzeko. Hori dela eta, poliziak harrera etxean giltzaperatu zituen. Hurrengo egunean su hartu zuen harrera etxeak. 42 neskato hil ziren eta gainerakoak oso larri daude. Estatuak ez zuen inolako erantzunkizunik hartu, eta gainera esan zuen gurasoen ardura zela neskatoak han utzi izanagatik. Egia esan Guatemalan emakumea izatea oso arriskutsua da. Neskato hauen memoria mantentzeko su bat piztu dute hainbat kidek Guatemalako plazan eta polizia armatuak etengabe mehatxatzen ditu. Ezin dugu justizia bakean eskatu.
Zuk tabu guztiak hausten dituzun arren, askotan salatzen duzu Guatemalan asko daudela.
Orain lege proposamen bat atera dute eskoletan orientazio sexuala lantzearen aurka. Hau da, eskoletan ezingo da heterosexualitatea ez den beste aukerarik erakutsi eta halakorik aipatzen bada gaixotasun moduan lantzeko izango da. Oraindik ez du onartu parlamentuak baina jende asko dago lege proposamen horren alde. Bestalde, eskoletan ez dago heziketa sexualik. Abortua ere debekatua dago. Badago salbuespen kasuren bat bortxaketa denean, baina halakoetan medikuak du azken hitza, ez zuk. Legeak matxistak dira, hezkuntza matxista da eta gizartea bera ere bai.
Hala ere, zuk tabuak apurtzen dituzu. Horrek badu ondoriorik?
Jaialdi askotatik ez naute deitzen, esaten dute gatazkatsua naizela edo deseroso sentiarazten dudala jendea. Hala ere, zuzenean ez dut mehatxurik jaso, sare sozialetik matxitoek bidaltzen dizkidatenetatik haratago, eta horiek ohikoak dira dagoeneako. Baina egia da nire inguruko emakume asko oso egoera larrian daudela feminismotik aktibismoa egiten dutelako. Hor dago esaterako Berta Caceresen adibidea. El Salvador, Honduras eta Guatemala egoera bertsuan daude.
Zer daukagu hemendik ikasteko?
Nik uste hemengo, eta orokorrean Europako feminismoa oso zuria dela, intersekzionalitatean oraindik lan asko dago egiteko. Feminista gehienak oso zuriak dira, baina gizartea bera oso anitza da. Zergatik? behin Bartzelonan emakume batzuk esan zidaten ez zirela nire ikastarora joango. Itxuraz, leku horretara joateko kontrol postu bat pasatu behar zuten eta ez zuten paperik. Hasteko kontuan eduki behar dugu guretzat segurua den espazio hori ea hala den gainerako emakumeentzat ere. Dena den, guri Guatemalan antzeko zerbait gertatzen zaigu mugimendu indigenekin. Gure erronka emakume indigenekin borroka bateratu bat egitea da.