Karmengo jaiek eta Zipotz jaiek hartuko dute hiria asteburuan
Hiriko hainbat auzo jaietan murgilduta daude dagoeneko eta aste honetan beste hiru festa lehertu dira; Groseko Zipotz jaiak, kaiko Karmengo jaiak eta Amara Berriko Karmengo jaiak. Atzo hasi eta igandera bitarte egitarau zabalak prestatu dituzte festa gosez diren parrandazaleak asetzeko.
Grosen pozik daude aurtengo Zipotz jaiekin. Lehengo urteko mailari eusteaz gain, hainbat berritasun ere badituztelako aurten. Maider Arriola Groseko jai batzordeko kideak azaldu du aurten lehen aldiz eraso sexistei aurre egiteko protokolo bat egin dutela: «Groseko talde feminista sortu dute eta lehen aldiz erasoen aurkako protokolo bat edukiko dugu edozein jazarpenen aurrean behar bezala erantzun ahal izateko».
Horrez gain, haur danborradan 80 ume inguruk parte hartuko dutela nabarmendu du Arriolak: “Lehen aisialdi talde bat arduratzen zen danborrada antolatzeaz baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun gurasoek ere parte hartzea eta lortu dugu”.
Egitarauari dagokionez, ostiralean ospatuko duten Gros Ero eguna nabarmendu du Arriolak: “Turistaz jantzita aterako gara kalera eta parodia moduko bat egingo dugu”. Azaldu du egitasmoaren helburua azkenaldian auzoan dagoen turista ugaritasunari kritika egitea dela. Eguna pamela, eguzkitako betaurreko eta argazki kamerekin pasa ondoren bazkaria eta Playback lehiaketa egingo dituzte.
Bestalde, Amara Berriko Super Xagu jai batzordeko kideekin egingo duten senidetzea azpimarratu du Arriolak: “Amara Berrikoak txosnako txanda bat egitera datozela baliatuta auzoen arteko senidetze bat egingo dugu”.
Denak ongietorriak izango diren arren auzoko jendea animatu nahi du bereziki Arriolak jaietan parte hartzera: “Adin guztietako jendeak parte hartzeko moduko egitaraua osatu dugu”. Jendea parte hartzera animatzeaz gain, igandean, euskal jaien egunean, auzotarrei baserritarrez jantzita gerturatzeko deia egin die.
Atzo Antxeta elkarteak bere 50. urteurrenean botatako txupinazoaren keak airean jarraitzen du oraindik Grosen eta hala jarraituko du igandera arte. Arriolak azaldu du, mende erdia betetzeaz gain, Antxeta elkarteak aurten Sagueseko festak antolatuko dituela eta horretan laguntzen ari dela Groseko jai batzordea ere.
Kaia, jaietan
Dena den, Antxeta elkartea ez da bere 50. urteurrena txupinazoa jaurtitzen ospatu duen bakarra izan ere, kaiko Karmengo jaietako txupina Kresala elkarteak bota zuen atzo bere mende erdia ospatzeko. Ondoren, jai parekide batzuk aldarrikatzeko asmoz, eraso sexisten aurkako argazkia egitekoak ziren.
Gainera, aurten, festak baino hiruzpalau aste aurretik kolokan egon ziren jaiak Eusko Jaurlaritzak kaia erabiltzeko jarritako baldintza “bete ezinak” zirela eta. Dena den, udalarekin akordio batera iritsi ondoren lortu dute jaiak “normaltasunez” ospatzea.
Jaien aurreko tirabirek egitaraua “presiopean” bete beharra ekarri duela azaldu du Ane Goitiandia Karmengo jai batzordeko kideak. Hala ere, azaldu dute urtero bezala egitarau «anitza» egiten ahalegindu direla. Gainera, aurten, Gazte Eguneko bazkarira jende gehiago animatzeko asmoz menua aldatu dutela azaldu du Goitiandiak: “Etorri eta dastatu dezatela”. Goizean goizetik hasi dute eguna gazte gosariarekin eta egunean zehar festaz gozatzen jarraitzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Bestalde, azaldu dute Ontzi Museoak ere hainbat jarduera antolatu dituela haurrentzat; tartean, pista jolasa edo itsas jostailu erakusketara bisita.
Andoitz Urdanpilleta karmengo jai batzordeko kideak azaldu du urtero bezala festa euskaldun batzuk egin nahi dituztela: “Parte Zaharrean gutxienekoak gara, turista mordoa dabil eta kaiari aspaldi galdua duen giro hori eman nahi diogu”. Goitiandiak gogorarazi du jai zaharrak direla eta 2004an berreskuratu zituztenetik goraka joan direla urtero, “orain maila horri eutsi nahi diogu”. Azkenik, egitarauari begira azaldu du ziur dagoela aurten ere Kukañak izango duela arrakasta gehien: “Jarduera hori da, gehienbat, kaiko jaiak beste auzoetako jaietatik desberdintzen dituena”.
Bestalde, Kresala elkarteak, arrantzaleez gain aurten, kostaldeko arrantzaleen bikotekideak, emazteak eta alabak omenduko ditu: “Alegia, kresal usaina duten emakumeak”. Azkenik, berritasun bezala, aspaldiko tradizio bat berreskuratuko dute Kaian. Karmengo Amaren irudia badiako uretara aterako dute aspaldiko ohitura bizirik mantendu nahian. Horrela, itsasoan hildakoen omenezko lore eskaintza egongo dute.
Amara Berrin, txikitik
Amara Berriko Karmengo jaiak antolatzen dituen batzordeak ez du erreleboa hartuko duen bizilagun talderik topatu. Iaz iragarri zuten jaiak antolatzeari utziko ziotela, beharrezkoa zutela erreleboa ematea. Hogei urtez antolatu dituzte jaiak. Ez dira jaiak desagertu, baina egitarau umilagoa egin dute aurten.
Hori dela eta, badaezpada, jaiak ez desagertzeko, egitarau txiki bat egin dute aurten, auzoko jaiak egiten jarraitu nahi duenarei atea irekita uzteko edo: “Inork ez du lekukoa hartu nahi izan. Pena izugarria eman digu, baina badirudi inork ez duela jaiak antolatzeko ardura hartu nahi. Guk hogei urtez antolatu ditugu jaiak. Lagun gutxi gara antolakuntzan, eta asko sufritzen da. Gutxienez 20 lagunez osatutako talde bat behar da; buru-belarri lanean ariko direnak. Ez da nahikoa esku bat botatzearekin. Esan digute badaudela gazte batzuk prest, baina ez dakigu ezer”, azaldu du Iñaki Olasagastik, jai batzordeko eta bizilagunen elkarteko kideak.
Gaurtik igandera egingo dituzte jaiak. Gaur, sardina jatea prestatuko dute Gregorio Ordoñez kalean. Urkatxek jarriko ditu sardinak eta Eroskik jarriko du ogia. Jatekoa bukatu arte iraungo du sardina jateak, 22:30ak arte edo. Edatekoa eta sardinak jan daitezke 2,5 euroren truke. Sardina jatea hasi baino lehen, auzo elkarteak antolatzen duen dantza ikastaroko ikasleek herri dantzak egingo dituzte, 18:30ak inguruan.
Larunbatean, Mamelena elkarteak hamaiketakoa prestatuko du bere egoitzan, Eibar plazan duen lokalean, 13:00ak inguruan. Eta igandean, uztailaren 16an, Urtokiren txanda izango da. Karakasko Konpainiaren kalean duen egoitzan egingo du hamaiketakoa.





