Duela 110 urte zabaldu zuten Uliako transbordadorea, Leonardo Torres Quevedoren asmakuntza handia. Pertsonak garraiatu zituen munduko lehen teleferikoa izan zen, baina Igeldoko funikularrak desagerrarazi zuen.
(Argazkia: Guregipuzkoa.eus)
Jeinu bat zela diote adituek. Lanerako gaitasuna zuela, baita erakunde publiko zein pribatuen babes ekonomikoa. Horrela, makina bat asmakizunen sortzailea izan zen Leonardo Torres Quevedo (Kantabria, 1852 – Madril, 1936). Kantabriako ama zuen, eta aita bilbotarra; Donostiarekin lotura zuzena izan zuen,?berak sortu baitzuen Uliako transbordadorea. Hain juxtu, 1907ko irailaren 30ean inauguratu zuten, duela 110 urte; hortik hamar urtera, duela ehun urte, itxi egin behar izan zuten. Igeldoko jolas parkeak eta 1912an ireki zuten funikularrak egiten zion konpetentziari ezin izan zioten eutsi.
Historiak Torres Quevedorekin justizia gutxi egin duela diote, bere bizitzako azken urteetan hainbat sari jaso bazituen ere, ez baita ezaguna. Haren omenez bi erakusketa ireki berri dituzte Donostian; bata, Miramongo Eureka! Zientzia Museoan; eta, bestea, Uliako Interpretazio Zentroan. Uliako erakusketan, Gonzalo Martinezek egindako maketa motorizatua jarri dute [beheko irudia], eta abuztuaren 27a arte egongo da zabalik. Miramonen, aldiz, jada prest zeuden panelak aprobetxatuta ireki dute erakusketa: Leonardo Torres Quevedo: airearen konkista. Bi zatitan banatu dute erakusketa, eta lehenengoa zabaldu dute, abuztuaren 31 arte: Baloi gidatuak eta Telekinoa. Bigarren zatia, Transbordadoreak, irailaren 1etik 30era irekiko dute, eta Uliako transbordadorearen maketa bat izango du erakusgai.
Francisco Gonzalez Redondokantabriarra da, eta irakaslea da Madrileko Unibertsitate Complutensean. Bere aitak bezalaxe, urteak daramatza Torres Quevedoren ondarea berreskuratzeko lanean, eta Donostian egon da bere jakinduria zabaltzen donostiarrei, pasio handiz. Azpimarratu du Torres Quevedok jarri zituela gaur egun ohikoak egiten zaizkigun asmakizun ugariren oinarriak: informatika, aireontziak edo droneak. Adimen artifizialeko lehen makina sortu zuen, esaterako, xakean jokatzen zuen makina.
Uliako aireko transbordadoreak lotzen zituen gaur egun aterpea dagoen gunea eta Uliako gailurra. Garraio berritzailea izan zen, eta hiriaren ikuspegi ederra eskaintzen zien bidaiariei. 280 metroko distantzia egiten zuen, hiru minutu eta erdian. Hamasei lagun inguru garraiatu zitzakeen, eta bidaiak pezeta bateko prezioa zuen. Mendian zegoen jolas parkearen parte zen funikular berezi hura. Egurrezko etxetxo batean zegoen irteera; plataforma baten gainean jarrita, hiru metroko altueran. Egun, oraindik, oinarri haren arrastoak ikus daitezke Ulian.
Urte gutxiz iraun arren, jendea garraiatzeko erabili zuten lehen teleferikoa izan zen mundu mailan. Badu bere bitxikeria, gainera, Bilboko bizilagunek jarritako diruarekin egin baitzuten. Sociedad de Estudios y Obras de Ingerieria de Bilbao izeneko enpresak finantzatu zuen. Gerora, 1920an, ingeniariak egin zuen saiakera, Donostiako badia guztia zeharkatuko zuen teleferiko bat egiteko; Igeldotik Urgullera joango zena, baina ez zuen babesik izan.
1916ko abuztuaren 8an, Uliako transbordadorearen kopia bat zabaldu zuten Niagarako ur-jauzietan: Spanish Aerocar. Donostiakoaren berdina zen, baina handiagoa. Luzera 540 metrokoa da, eta 35 lagun garraiatzeko aukera ematen du. Oraindik ere atzera eta aurrera dabil, 76 metroko altueran, eta 7 kilometro orduko abiaduran. Aldaketa bakarra izan du bere bizian, estalkia jarri ziotela, bidaiariak ez bustitzeko. Torres Quevedo sistema erabiliz dirauen teleferiko bakarra da, eta ehun urtez arazorik gabe funtzionatu du.