Nagore Arruti: 'Zapore gaziaren gozoa'
Nagore Arruti, Donostiarrako arraunlaria.
Igande iluntzea da, eta asteburuari amaiera emanez, azken hamar egunei begiradatxo bat ematea ere bururatzen zaigu. Nork esan behar ote zigun orain dela hilabete batzuk, horrelako egunen ondoren, non itsasoa nahiz ibaia, olatuak nahiz ur gutxia, Euskotrenen sailkatzeko estropadak, nahiz Gipuzkoako Txapelketako estropada edota Gipuzkoako Ligakoak dastatu ditugun, ahoan horrelako zapore ederra izango genuenik.
Estropadaz estropada urduritasuna agerikoa izaten zaigu, batzuetan, eta estropada batzuek hala eskatzen dutelako, besteetan baino gehiago nabari da taldean, baina nola ez ba! Lehen urtea du eta traineru eta talde honek eta! Baina aldi berean, arraunlari guztiok zentzumen guztiak adi adi, “Ba!” horren zain gauden momentuan, urduritasun horiek egin beharreko lanera bideratzeko gai garela ere ohartu gara (gehienetan behintzat).
Honen guztiaren atzetik lana dago, eta aurretik lan gehiago geratzen da. Eta nola ez, lan hori guztia betetzeko gogoa eta ilusioa daude. Badugu zer hobeturik, izan ere, beti dago zer hobeturik, eta horretan jardungo dugu. Itsaso gehiago dastatuko dugu, olatuei aurrez aurre indar gehiagorekin begiratzen ere ikasiko dugu, eta ibaian urak gogorrago nahasten ikasiko dugu. Lanerako bezain besteko gogoa baitugu ikasteko ere, eta ikasiaz hobetzen da.
Helburuak hor daude, eta hauek direnak direla ere, gure sentsazioak hor daude. Onak diren sentsazioak, orain hilabete batzuk irudikatzen ez genituen sentsazioak, atsegin ditugun sentsazioak eta mantentzen saiatuko garenak.
Nahi dugun guztia lortzea ez da erraza izango, baina errazegia izango balitz, zer xarma izango luke ba? Horregatik jarraituko dugu luze, bukatzen eta guzti honetaz disfrutatzen.