EH Bilduk ez du babestu Donostiako Turismo Zuzendaritzaren Plan berria
Donostia Turismo & Convention Bureau sozietateak gaur onartu duen Turismo Zuzendaritza Plan berria ez du babestu EH Bilduren udal taldeak. Horrela jakinarazi du ohar baten bidez, eta udal gobernuaren turismo politika kritikatu du. “Iraunkortasun irizpideetatik oso urrun dago”, azpimarratu dute. Irizpide horiei jarraituko dien “planteamendu integral eta koherente” bat beharrezkoa dela gaineratu dute.
Turismoa arazo bihurtzen ari dela berretsi du EH Bilduk. Gehiegizko hazkundearen, auzo batzuetan gertatzen ari den masifikazioaren eta legez kanpoko pisu turistikoen etxebizitzaren alorrean duten eragin negatiboaren ondorio dela azaldu dute. “Sektoreko zenbait eragile ere kezka agertzen hasiak dira. Horrek ikuspegi integral batekin lan egitea eta politika koherenteak garatzea eskatzen du”.
Bestalde, udal gobernuaren koherentzia falta kritikatu dute. “EAJ eta PSE-EEren eguneroko praktika oso urrun dago donostiarren bizi kalitatea hobetsiko duen turismo iraunkor batetik”.
EH Bilduk turismoa kudeatzeko eredu iraunkor baterako proposamena aurkeztu berri du, eta horren xehetasunak Amaia Almirall bozeramaileak eskaini dizkio IRUTXULOKO HITZAri.