Autobus geltoki zaharra parke bat izatera pasako da
Jolasteko gune bat eta bizikletan ibiltzeko zirkuitu bat izango ditu
Pio XII-ko autobus geltoki zaharreko birsortze-proiektua onartu du Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak. Proiektua Isuuru Arquitectos S.L. enpresak idatzi du, 196.404,18 euroko aurrekontua du, eta lanak urte bukaeran hasiko dira hiru hilabeteko iraupenarekin.
Geltoki zaharra parke batean bihurtuko dute, eta hainbat gune izango ditu. Hala nola, jolasteko gune bat, bizikletan ibiltzen ikasteko zirkuitu bat, eta bizikletan ibiltzen trebeak direnentzako hainbat oztopoz osaturiko gunea.
Eneko Goiak alkateak adierazi du oinezkoek ere lekua izango dutela parkean. “Oinezkoentzako gunea egongo da, eta hainbat eserleku jarriko dira altuera desberdinetan. Eserleku horiei iztala emateko hainbat zuhaitz ere landuko dira”.
Pio XII-ko parke berriak bizikletentzako aparkalekua eta merkantziak banatzeko zentro bat ere izango ditu. “Aparkalekua estalia izango da, eta lur azpiko aparkalekuaren irteeraren ondoan egongo da”, esan du Goiak. Merkantziak banatzeko zentroa, berriz, egun nasan dauden tokian egongo da eta esperientzia saiakera bat izango da. “Bizikletan merkantziak banatzeko aukera aztertuko da”.
Proiektuak Europako Batasunaren laguntza du eta Amarako jatetxe, taberna eta dendetako merkantzien banaketarekin probatuko dute. Furgonetak zentrora iritsiko dira, merkantziak utziko dituzte eta Txitek amaituko dute banaketa. Behin esperientzia honen emaitzak ikusita, hiriko beste hainbat auzotan ezartzea aztertuko dute.