Euskara ikasteko diru-laguntza handitu du Donostiako Udalak
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 265.848 € banatuko ditu 2016-17 ikasturtean euskara ikasten aritu, eta udan ikasten ariko direnen artean. Aurreko ikasturtean baino 40.000 euro gehiago bideratuko ditu HABEren ikastaroak diruz laguntzeko.
Laguntza jasotzeko bi baldintza bete behar dira. Batetik, %85eko asistentzia, eta bestetik, ikasturte bukaeran gutxienez azpimaila bat gainditu izana. Udalaren aurreikuspenen arabera, 1.200 bat lagunek baldintzak bete eta diru-laguntza jasoko dute.
Bestalde, langabeentzako doako ikastaroak eskainiko ditu udalak urritik abendura. Hain zuzen ere, hirian erroldatuta dauden langabeentzako euskara ikastaroak eskaintzeko 38.000 euro bideratuko ditu Euskara Zerbitzuak. Aurrekontu horri esker, 110-150 langabek –hamar talde sortzea aurreikusten da, taldeko 11-15 ikasle– 120 orduko ikastaroa doan egiteko aukera izango dute.