Urrezko LEB ligan denboraldi bakarra egin ostean, Gipuzkoa Basket ACBra itzuliko da ofizialki ostegunean.
Nekane Arzallus presidenteak prentsaurreko eman du Illunben. (Argazkia: Lide Ferreira)
Saskibaloiko gorengo mailara itzuliko da Gipuzkoa Basket aurki. Zehazki, aurreko larunbatean aurkeztu zituzten bete beharreko guztiak, eta ostegunean aurreikusita dago onarpen ofiziala jasotzea. Hala,
Endesa Ligan jokatuko luke taldeak 2017-2018 denboraldian. Horren harira, prentsaurrekoa eskaini du Gipuzkoa Basketeko presidente Nekane Arzallusek: “Aukera berri baten aurrean gaude, eta denon babesa ezinbestekoa da”.
Mailaz igotzeko betekizun ekonomikoak leundu ditu ACBk, eta horrek lagundu du Gipuzkoa Basketen igoeran: “Bidea ez da erraza izan, baina jende askok lan egin du taldea aurrera ateratzeko, izena emateko epea agortu zen arte”. Baldintza berri horien artean daude: bi milioi euroko gutxieneko aurrekontua izatea, jokalariekin zorrik ez izatea, eta ogasunean zein gizarte segurantzan eguneratuak egotea. Horiek betetzea lortu dute Gipuzkoa Basketeko administrazio kontseiluaren eta Miguel Santos ohorezko presidentearen ekarpen ekonomikoaren bitartez. Gainera,
400.000 euroko bermea ere eskatzen dute, eta horixe da azken unean lortu zutena: “
Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker lortu dugu, eta baita Banco Sabadelli esker, euren bitartez egin ahal izan genuelako izapidea egunean bertan”.
Gaskatik Illunbera
Liga gorenean egoteak suposatzen du Illunbera itzuliko dela Gipuzkoa Basket. “Partidak, derrigorrez, Illunben jokatu behar ditugu, 5.000 ikusleentzako eserlekuak behar direlako, eta Gaskan ez dagoelako hainbeste ikusleentzako tokirik. Baina udalarekin hitz egiten ari gara, eta
saiatuko gara Illunbe ahalik eta hoberen egokitzen, zaleentzako erakargarriagoa izan dadin eta gusturago egon daitezen“, nabarmendu du Arzallusek.
Hainbat babesle ditu taldeak, eta denen artean diru kopuru bat jasotzen dute, baina
babesle nagusi baten bila jarraitzen du: “Egunero-egunero, hitzarmenak egiten ditugu babesleekin, baina dei egiten diegu ekarpen handiagoa egin nahi dutenei”. Honela, egun duten zorra gutxitu nahi dute, eta
egonkortasun ekonomikoa lortzen saiatu.
Jokalari eta entrenatzaileari dagokionez, Arzallusek ez du zehaztasun gehiegirik eman nahi izan: “Lehenengo gauza da
Porfi Fisac gurekin egotea. Horretarako, lanean dihardugu eta uste dut lortuko dugula. Behin hori eginda, jokalarien txanda izango da, eta nik uste dut
talde lehiakor bat izango dugula. Iaz lortu genuen
jendearen ilusioa, Gaskan asko disfrutatu dugu, eta horrela jarraitzea espero dugu”.