Hiriko turismo eredua salatzeko protesta (Argazkia: Ernai)
Ernai gazte antolakundeak deituta manifestazioa egingo dute abuztuaren 17an, Aste Nagusiaren barruan,
Zuen turismoa, gazteon miseria. Postalen atzean bagara lelopean. Urtean zehar hainbat jarduera egin dituzte hiriko turismo eredua salatzeko eta jaietan ere euren aldarrikapenak kalera atera nahi dituzte.
“Turismoaren presentziak modu basatian gora egin du, eta hiriaren erdigunea hartu” azaldu dute. Gaineratu dute udak egoera “muturrera” eramaten duela. “Esan beharrik ez dago gazteok garela, kapitalismoak turismoaren forma hartzen duen honetan, sufritzen lehenak”. Salatu dute gazteek ez dutela lekurik Donostian: “Ez dugu tokirik turisten erdaraz bakarrik hitz egin daitekeen hirian. Ez dugu tokirik etxebizitzaren prezioa aberatsenen eskura bakarrik dagoen Donostian, turistentzako etxebizitzekin espekulatzen den hiri honetan. Ez dugu tokirik Kortxoenea gabeko Donostian, saltzen den kulturarenean”.