"Benetan kezkatuta gaude kaiaren erabilera adosteko Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketetan jaso dugun jarrera ezkorrarekin"
Aste Nagusi Pirataz gozatu nahi duten milaka lagun zain daude. Oraindik, ordea, kaiaren erabilera dela-eta oztopo handi bat dute Aste Nagusi Pirata egiteko. Kezka handia adierazi dute: “Benetan kezkatuta gaude kaiaren erabilera adosteko Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketetan jaso dugun jarrera ezkorrarekin. Kezkatuta gaude Eusko Jaurlaritzarekin izaten ari garen elkarrizketek ez dutelako aurrera egiten, ez dugu adostasun bat lortzeko borondaterik ikusten elkarrizketaren beste aldean eta honek Aste Nagusi Pirata kolokan jartzen du”.
Defendatu dute herritar guztiena den eremu bat erabili nahi dutela herritar guztiei irekia den jaia antolatzeko, eta ordainetan burokrazia itogarria eta nahasgarria jaso dutela: “Irizpide aldakorrak, azken momentura arte zehaztu gabeko erabakiak… Norberaren poltsikoak betetzeko interesa besterik ez duten enpresak bezala tratatzen gaituzte. Ez luke hala izan behar”.
2008an kaia Aste Nagusi Pirataren erdigune egin zutenetik oztopoak aurkitu dituzte administrazioaren aldetik. Zergatik? Gaur goizean eman duten prentsaurrekoan azaldu dute: “Irabazi asmorik gabeko mugimendu bat garen arren, kaian antolatzen dugun jaian salerosketa aktibitatea gertatzen denez tasa komertziala aplikatzen digu Eusko Jaurlaritzak. Ez dugu ezkutatuko, ez zaigu ongi iruditzen, ez gaude ados, ez dugu uste borondatezko lanarekin eta irabazi asmorik gabe jai batzuk antolatzea aktibitate komertzial gisa kalifikatu beharko litzatekeenik. Baina, eta hau ere esan dugu, akordio batetara iristeko borondatea da Piratetan nagusitzen dena. Eta, horregatik, Jaurlaritzari aurkeztu nahi genion proposamenean onartzen dugu tasa komertzial hau salerosketa ematen den eremu eta momentu konkretuan aplikatzea. Malgutasuna da eskatzen duguna: salerosketa aktibitate hori ematen ez den leku eta momentuetan tasa ez-komertziala aplikatzea: montaje eta desmontaje egunetan, eszenatokiak edo komunek okupatzen duten eremuan… Eta, horretaz gain, inolako azpiegiturarik ez dugun eremuetan tasarik ez aplikatzea. Hori da Donostiako Piratok egiten dugun proposamena. Hori da Eusko Jaurlaritzari aurkeztu nahi geniona eta entzun nahi izan ez duena. Azalpenak ematen hasi bezain laster ezezkoa jaso genuen. Eta kezkatuta gaude, Jaurlaritzak adostasun batetara iristeko borondaterik agertzen ez badu, ez dakigulako aurtengo Aste Nagusi Pirata egitea posible izango ote den”.
Donostiako Piraten oharra, osorik:
Donostiako Piratek prest dute egitaraua, prest dituzte lanerako gogoz dauden ehunka boluntario, eta
15. Aste Nagusi Pirata kolokan Eusko Jaurlaritzaren hitz
egiteko borondate ezagatik
“15 urteko enbata, gora Donostia Pirata!” lelo hau aukeratu dugu aurtengo Aste
Nagusi Piratarako. Hamabost urte igaro dira 2003ko abuztuaren 11an, lehen aldiz
itsasora jauzi egin genuenetik. Orduz geroztik, Pirata ugari batu zaizkigu itsasontzira
eta auzolana lagun, Donostia abordatzeko bide berriak irekitzen jarraitzen dugu; Jai
herrikoi, euskaldun, askatzaile eta parekideen alde. Ehundaka pirataren borondatezko
lanarekin, milaka lagunek gozatzen duten Aste Nagusia egiten dugu urtero. Inolako
irabazi asmorik gabe, gure hiriari eta, batez ere, hiritarrei eskainitako jaiak antolatzen
daramatzagu 15 urte. Eta gustura egiten dugu, honetan sinesten dugulako, Donostiak
bestelako jai eredu bat ezinbestekoa zuela uste genuelako hasi ginen, eta berdin
pentsatzen jarraitzen dugu.
Aurten ere Aste Nagusi Pirata herrikoi eta partehartzailea egitea da gure asmoa, lagun
askoren izerdi eta irribarrearekin osatutako egitaraua prest dugu. Aurreko egunetan
ikusi ahal izan duzuen bezala, jakinarazi dugu jada zein izango den Flamenkako
musika eskaintza eta 12 kofradiak osatutako 12 jai egitarauak ere kaleratu ditugu. 15.
Aste Nagusi Pirata eder eta anitza bizitzeko ia dena prest dugu.
Hala eta guztiz ere, ezin ditugu ahaztu bidean zehar gainditu behar izan ditugun
hamaika oztopo. 2008an kaia Aste Nagusi Pirataren erdigune egin genuenetik,
esaterako, asko izan dira gainditu behar izan ditugun oztopoak, eta denak ez dira izan
itsasotik etorritako ekaitzak eragindakoak.
Piratena bezalako herri mugimendu batentzat, pertsona anitzen borondatezko lanari
esker antolatzen den herri mugimendu batentzat, izugarrizko indar xahuketa da urtero
urtero administrazioarekin borroka egin behar izatea. Gure ustez herri mugimendu
batek herritarrentzako zerbait antolatzeko asmoa agertzen duenean
administrazioarengandik jaso behar lukeena laguntzeko prestutasun osoa da. Azken
finean, herritar guztiena den eremu bat erabili nahi dugu herritar guztiei irekia den
jaia antolatzeko. Horren ordez, urtero jaso duguna burokrazia itogarri eta nahasgarria
izan da: irizpide aldakorrak, azken momentura arte zehaztu gabeko erabakiak…
Norberaren poltsikoak betetzeko interesa besterik ez duten enpresak bezala tratatzen
gaituzte. Ez luke hala izan behar.
Aste Nagusiaren aurretik beti errepikatzen den zerbait da hau eta, egia da, urtero,
herritarron babesaz indartuta, aurrera egin dugula negoziaketa administratiboen ur
hotzetan. Baina gaurkoan, prentsaurreko honetara deitu zaituztegu benetan kezkatuta
gaudelako. Kezkatuta gaude, Eusko Jaurlaritzarekin izaten ari garen elkarrizketek ez
dutelako aurrera egiten, ez dugu adostasun bat lortzeko borondaterik ikusten
elkarrizketaren beste aldean. Eta honek Aste Nagusi Pirata kolokan jartzen du.
Benetan kezkatuta gaude kaiaren erabilera adosteko Eusko Jaurlaritzarekin izandako
elkarrizketetan jaso dugun jarrera ezkorrarekin. Aurrez esan dugun moduan, gure
ustez herritarrok erraztasun guztiak izan behar genituzke herritar guztiei irekiak diren
ekimenak eremu publiko batean antolatu ahal izateko. Gure uste sendoa hori izanda
ere, ezaguna dugu errealitatea eta, horregatik, administrazioarekin eztabaidatu eta
akordio batetara iristeko borondatea erakutsi dugu beti.
Irabazi asmorik gabeko mugimendu bat garen arren, kaian antolatzen dugun jaian
salerosketa aktibitatea gertatzen denez tasa komertziala aplikatzen digu Eusko
Jaurlaritzak. Ez dugu ezkutatuko, ez zaigu ongi iruditzen, ez gaude ados, ez dugu uste
borondatezko lanarekin eta irabazi asmorik gabe jai batzuk antolatzea aktibitate
komertzial gisa kalifikatu beharko litzatekeenik. Baina, eta hau ere esan dugu,
akordio batetara iristeko borondatea da Piratetan nagusitzen dena. Eta, horregatik,
Jaurlaritzari aurkeztu nahi genion proposamenean onartzen dugu tasa komertzial hau
salerosketa ematen den eremu eta momentu konkretuan aplikatzea. Malgutasuna da
eskatzen duguna: salerosketa aktibitate hori ematen ez den leku eta momentuetan tasa
ez-komertziala aplikatzea: montaje eta desmontaje egunetan, eszenatokiak edo
komunek okupatzen duten eremuan… Eta, horretaz gain, inolako azpiegiturarik ez
dugun eremuetan tasarik ez aplikatzea.
Hori da Donostiako Piratok egiten dugun proposamena. Hori da Eusko Jaurlaritzari
aurkeztu nahi geniona eta entzun nahi izan ez duena. Azalpenak ematen hasi bezain
laster ezezkoa jaso genuen. Eta kezkatuta gaude, Jaurlaritzak adostasun batetara
iristeko borondaterik agertzen ez badu, ez dakigulako aurtengo Aste Nagusi Pirata
egitea posible izango ote den.
Egitaraua antolatu dugu, lanerako gogoz dauden ehundaka bolondres prest ditugu eta
Aste Nagusi Pirataz gozatzek milaka pertsona daude zain. Falta zaiguna
administrazioaren borondatea da, adostasun batetara iritsi ahal izateko borondatea.
Hortaz, hemendik dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari Donostiako Piratok luzatutako
proposamena zintzotasunez berriro azter dezan. Prestutasun osoz, Donostiako Piratok
berriro ere baldintza hauek eztabaidatzeko prest gaudela adierazi nahi diogu.
Aste Nagusi Pirata, herritar guztien Aste Nagusia delako. Kairik gabe, Aste Nagusi
Pirata gure sustraietatik aldenduko litzatekeelako.
#GoraPiratakKaian!