Jatorri atzerritarreko hamabost umek hartuko dute parte aurten; helburua da hiriko heziketa-esperientzia bat eskaintzea.

Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalaren laguntzari esker,
Nire hiria ezagutzen udalekuak egingo dituzte hirugarren aldiz, hilabete honetan zehar. TxikiAKTIBA elkarteak eta La Caixako Gizarte Ekintza Fundazioak bat egin dute proiektuarekin. Helburua da jatorri atzerritarreko haurrei hiriko heziketa-esperientzia bat eskaintzea,
kultura desberdinetako herritarren arteko bizikidetza sustatzeko prozesuak bultzatuz, balio kultural eta hiritarren prestakuntzaren bitartez.
Proiektuak, zehazki,
aisialdia eta hezkuntza batzen ditu. Hiriko pedagogiarako metodologia berri bat proposatzen du, hiriko haurrei dagokienez transmisio kulturaleko eta gizarte inklusioko prozesuak pizteko estrategia moduan, erakunde publiko eta pribatuekin eta antolatutako gizartearekin elkarlanean. Proiektu honek umeen
jakin-mina, sormena eta esperimentazioa bultzatzeko inguru aproposa sortzeaz gain, hiria ezagutzeko beharrezko heziketa tresnak ere ematen dizkie, dimentsio fisiko, geografiko, historiko eta kulturalari erreparatuta. Horretaz gain, hiriaren nortasunari eusten eta hirian bizi diren belaunaldi berrien transmisio kulturala indartzen laguntzen du.
Hiria, ikuspuntu desberdin batetik
Aurten, hamabost umek parte hartuko dute, 6 eta 11 urte artekoek. Amara, Altza eta Gros auzokoak dira, eta
herritartasun eta familia-jatorri desberdinak dituzte. Izan ere, zortzi herritakoak dira eta azken bi urteotan iritsi dira gure hirira. Modu horretan, Donostiako Harrera Protokoloari laguntzeko ekimen berriak sustatzen dira, Hiri Hezitzailearen esparruaren barruan. Lantegian aztertzen diren gaiak lau bloketan banatzen dira, eta, haietako bakoitzean, hiria ikuspuntu desberdin batetik “esploratzen” da:
lurraldearekin, naturarekin, arkitekturarekin eta hirigintzarekin duen harremanetik, hain zuzen. Horretarako, hainbat jarduera egiten dituzte: hezkuntza-ariketak eta ariketa ludikoak ikasgelan, txangoak eta bisitak hiriko museoetara. Kanpoko jardueratan, umeek aukera dute ikasgelan ikasitako guztia berriro ikusi eta ezagutzeko.