"Gure alde argitsuenarekin sortu dugu gure lehen diska"
Donostiako Nøgen taldeak 'Lys' lehen lan laburra plazaratu du. Aurretik zuzenean aurkeztu dituzte kantuak Txantxarrekan, Soinu Baratza Festan, Dabadaban eta beste hainbat lekuetan.
Estreinako lana plazaratu dute donostiarrek. Muir estudioan grabatu dute Yon Vidaurren gidaritzapean, eta orain lana aurkezteko emanaldiak eskainiko dituzte. Bost musikarik osatzen dute banda: Markel Idigoras (ahotsa eta ukelelea), Ane Negeruela (ahotsa), Olatz Cuevas (baxua), Alex Irazusta (gitarra eta koroak) eta Jokin Gilisagasti (bateria).
Lortutako emaitzarekin pozik zaudete?
Markel: Ba egia esan bai, lehenengo esperientzia izan da grabaketan eta pixkat intseguru iritsi ginen hasieran. Baina Yonek oso ondo bideratu zuen guztia eta horri esker konfiantza osoz egin dugu lan.
Alex: Oso berde iritsi ginen, baina oso ondo joan da dena azkenean.
Zer topatuko dugu lan honetan?
M.: Musika fresko eta argitsua. CD-ari hortik datorkio izena, “Lys” danieraz “argia” baita. Musika oso argitsua da, eta gure alde argitsuenarekin sortu dugu.
Nøgen hitza danieratik dator ere, biluzik esan nahi du.
M.: Nogen izena kantatzerakoan nolabait biluztu egiten garelako jarri genion. Sentimenduak plazaratze hori biluztea bezala delako guretzat. Baina Nogen-ek biluzik dioen arren, hori irakurtzen duenak ez daki hori esan nahi duela. Biluzik, bai, baino ez begien bistan. Ez esplizituki. Musikarekin pasatzen den bezala. Zu biluztu egiten zara baino jendeak hori ez du beti ikusten.
Eta danieraren kontu hori, nondik dator?
A.: Markel, Maddi Olariaga eta hirurok lehenagotik ezagutzen ginen, Zurriola ikastolatik. Gero unibertsitate garaian bakoitzak bere bidea hartu bazuen ere, musikak lotzen jarraitu gintuen. Markel Danimarkara joan zen orduan Erasmus bat egiteko eta, behin han zegoela, bere abesti propioak hasi zen sortzen. Berak sortutako kantu horien harira pasa ginen bertsioak jotzetik abesti propiak sortzera.
M.: Bizitzan gertatzen zitzaizkidan kontuak barrutik ateratzeko hasi nintzen abestiekin, baino hasiera batean ukelelearekin jotako kanta sinpleak ziren. Gero hiruon artean abestiei forma hasi ginen ematen.
Eta gaur egungo formakuntzara nola iritsi zineten?
A.: Maddik taldea utzi behar izan zuen gero eta Ane ezagutu genuen, lagun batzuen bitartez. Abeslari bezala gehitu genuen taldera eta kontzertuekin aurrera jarraitu genuen. Hortik pixkatera Olatz eta Jokin batu zitzaizkigun. Baxuak gorputza eman zien abestiei eta bateriak transformazio handi bat suposatu zuen ere. Egungo taldea urtarriletik dago formatuta.
Zer esango zenukete sortzen duzuen musikari buruz?
M.: Pop asko eta folk ikutu batzuk dituela, baino ez zaizkigu etiketak gustatzen. Nik esango nuke musika bezala alaia dela, entzuteko erraza.
Ingelesez abesten duzue ere, ezta?
M.: Bai. Gehienbat euskaraz, baino ingelesez eta gazteleraz ere.
A.: Askok esan ohi digute “jo ba euskaldunak izanda agian euskaraz abestu beharko zenukete” edo “begira Berri Txarrak-ekoak noraino iritsi diren!”. Guk ordea hizkuntza baliabide modura ikusten dugu. Kolore desberdinak erabili ditzakeen pintorearen modura.
Nolakoa izan da azken urteko ibilbide hau zuentzako?
A.: Gu eszenatokira begira egon izan gera beti eta orain oholtza gainean egotea ari zaigu tokatzen. Hor atzean dagoen mundu guztia ari gera ezagutzen eta bertigo pixkat ere sentitu izan dugu, baina oso atsegina ari zaigu egiten.
Nondik ibiliko zarete datozen egunetan?
M.: Ostegun honetan Urguleko Guardetxean joko degu, Turismorik Gabeko Egunean. Ostiralean Parte Zaharreko Aurresku tabernan egongo gara eta datorren asteartean, berriz, maketaren aurkezpen ofizialean joko dugu Groseko Keler Aretoan. Hiru kontzertuetarako sarrera dohainik izango da eta diska bertan egongo da ere salgai.