Miramar jauregia. (Argazkia: Nagore Koch)
INGEBA Andres Urdaneta Euskal Geografi Elkargoak salatu du udalak Miramar jauregiaren azpian aparkalekua eraikitzeko egin duen proposamena “arriskutsua” izan daitekeela; bai eraikinaren itxurarentzat baita ingurumenarentzat ere. Eguzki talde ekologistak ere bere egin ditu Ingebaren hitzak. Udalak ekainean jakinarazi zuen Miramarren lur-azpiko aparkalekua egiteko eskaera-azterketa egingo zuela.
INGEBAk salatu du eraikinaren azpian aparkaleku bat egiteak kalteak sor ditzakeela landaredian eta baita hauek ureztatzeko ezarrita dagoen sistema hidraulikoan ere.
Bestalde, aparkalekura sartzeko egin nahi dituzten sarbideak eraikina itxuraldatuko luketela salatu dute: “Pio Barojako sarbideak esaterako izugarrizko interbentzioa eskatzen du”.
Udalak azaldu du eraikinari erabilera soziala eman ahal izateko eta ekitaldiak eta jarduerak antolatu ahal izateko beharrezkoa dela aparkamendu bat. Aparkalekuak bi solairu eta 210 eta 250 plaza inguru izango lituzke; horietako batzuk pribatuak izango dira.
INGEBAk uste du badaudela beste alternatiba batzuk; horien artean, aparkalekuarentzako beste leku bat aurkitu edo jauregiarentzat aparkalekurik behar ez duen beste erabilera bat bilatu.
Gaineratu dute bizilagunei bakarrik ez, espezialistei eta donostiar guztiei ere galdetzea beharrezkoa dela.