Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Donostian %15,2 entzun dute euskaraz. Gutxi bada ere, behera egin dute emaitzek.
Azken hamaika urtean ez da igo euskararen erabilera Donostian, dena den, ezagutza mailak gora egin du nabarmen. (Argazkia: Malen Aldalur)
Gero eta gehiago dira hirian euskaraz dakitenak. D ereduan matrikulatzen diren ume kopurua hazi egin da, eta nabarmena da euskara ikasteko azken urteetan egindako erakundeen eta eragileen lana eta apustua. Baina zer gertatzen da erabilerarekin? 2006. urtera arte Donostian euskararen erabilera hazi egin da urtero; 2006tik aurrera, aldiz, beheraka joan da pixkanaka. Hizkuntzaren kale erabileraren VII. neurketaren emaitzak eskuratu ditu Irutxuloko Hitzak. Kale neurketan, solaskideen %15,2 entzun dituzte Donostian euskaraz. Gehiengoa gaztelaniaz aritu da: %80,5; %0,2, frantsesez; eta gainerako %4a, beste hizkuntza batzuetan. Datuak ez dira gehiegi aldatu orain dela bost urteko emaitzetatik. Izan ere, 2011ko datuetan ere euskararen erabilera %15,2 zen, nahiz eta kasu honetan neurketak ez zituen kontuan hartu Añorga eta Igeldo. 2016ko kale erabileraren neurketan Añorga eta Igeldo neurketatik kanpo utzita, erabilera %13,9 litzateke.
Bestalde, erabilerari dagokionez, inkesta soziolinguistikoak aurrerapausoa eman dela sumatu du. Donostiarren %19,8k diote euskaraz aritzen direla erdaraz adina edo gehiago; 2011n %17,6 ziren, eta 2001ean, %12,3. Beraz, gorakada erakutsi du inkestak, eta jaitsiera kaleko neurketak.
Azken bost urte hauetan erabilerak behera egin badu ere, datu kezkagarriena 2006tik izaten ari den joera da. Miren Azkarate Euskara zinegotziak azaldu du datuek “zapore gazi-gozoa” utzi diotela: “Erabilera datu orokorrak behera egin dute, baina gaztetxoenen artean, esaterako, nabarmen egin du hobera, eta hori albiste ona da”. Izan ere, hirian euskararen erabilerak gora gehien 2 eta 14 urte bitarteko haurretan egin du. 2011an erabilera %10 zen, eta, 2016an %20,5.
Idoia Trenor Bagera euskaltzaleen elkarteko kideak jakinarazi du espero zutela emaitzarik onenak adin tarte horretan lortzea. “Adin tarte horretan gurasoek ere haurrekin euskaraz egiten dute”. Baina zer gertatzen da gero? Trenorrek uste du haurrak gazteak izatera igarotzen direnean, askotan, hizkuntza ohiturak aldatu egiten direla. Euskararen erabilera bermatzeko etxean euskara erabiltzeak asko laguntzen duela dio Trenorrek: “Haur batek urtean eskolan pasatzen duen denbora %11 da soilik, eta klase barruan oraindik gutxiago”. Hortik aurrerako denbora guztia telebista ikusten, jolasean edo gurasoekin pasatzen dutela gaineratu du. Beraz, euskara hezkuntza eremura soilik mugatzen den kasuetan euskararen erabilera mantentzea zaila dela uste du Trenorrek.
Ezagutzak gora
Bestalde, datuek adierazten dute haurrez eta nagusiez osatutako taldeetan, haurra hitz egiten ari bada erabilera altuagoa dela (% 32,9),nagusia hitz egiten ari denean baino (%25,1). «Gurasoek soilik haurrekin euskaraz egiteak ez du balio, beraien artean gaztelaniaz aritzen badira haurrek hori ikusten dute», azaldu du Azkaratek.
Donostiako kaleetan, solaskideen %15,2 entzun dute euskarazko elkarrizketetan. (Grafikoa: soziolinguistika klusterra)
Zuriñe Gonzalez Bagera euskaltzaleen elkarteko kideaek uste du bere garaian garrantzi handia eman zitzaiola ezagutza lantzeari: “Apustu sendo bat egin zen ezagutza bultzatzeko eta erabilerari kasu gutxiago egin zitzaion”. Ohartarazi du pisu gehiegi utzi dela ikastetxeen esku: “Datuetan ikusten da ezagutza bermatu dutela, baina erabilera ez”.
Azkarate ere bat dator horretan. Uste du lan handia egin dela euskararen ezagutza bermatzen eta aurrera pauso handia dela gaineratu du: “Garrantzitsua da ikustea gaztetxoak zein hizkuntzatan ari diren, horrek adierazten du bide onetik goazela”. Trenorrek ere azpimarratu du nabarmena dela gero eta haur gehiago daudela D ereduan; hala ere, uste du gero mila faktorek baldintzatzen dutela euskaraz hitz egiten ez jarraitzea: “Esaterako, zure erreferentziak zeintzuk diren, Interneta edo mundu globalizatuaren eragina”. Gonzalezek azpimarratu du ezinbestekoa dela faktore guzti horiek kontuan hartzea: “Bestela askotan ematen du euskaldunon errua soilik dela ez erabiltzea”.
Euskal Herriko gainerako hiriburuekin alderatuta lehen postuan dago Donostia. Erabilera daturik onenak izateaz gain, ezagutzan ere nabarmen hobeto dago; Donostiako biztanleen herenak baino gehiagok daki euskaraz. Erabilerari dagokionez honako emaitzak lortu dituzte gainerako hiriburuetan: Baiona, %1,9; Bilbo, %2,5; Iruñea, %2,9; Gasteiz, %3,7. Gainerako hiriburuei diferentzia ateratzen die Donostiak. Hiru biztanletik batek baino gehiagok dakite euskaraz, eta euskara ulertzen du bostetik batek, nahiz eta ez den hitz egiteko gai. Azkaratek dio hiriburuen artean Donostiak emaitzarik onenak lortu baditu ere, lanean jarraitu behar dela bai erakundeetatik eta baita euskalgintzatik ere.
Hori dela eta, hirian euskararen erabilera sustatzeko azken aldian egin diren hainbat jarduera nabarmendu ditu: “Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoak bezalakoak zabaldu dira hiriko hainbat auzotara eta halako jarduerak beharrezkoak dira hizkuntzaren erabileran eragiteko”. Erakundeetatik ere ildo beretik jarraituko dutela azaldu du Azkaratek.
Auzotik auzora
Euskararen kale-erabilera, auzoaren arabera. Donostia, 2016 (euskaraz, %). (Grafikoa: Soziolinguistika Klusterra)
Euskararen erabileraz ari garenean garrantzitsua da kontuan hartzea auzotik auzora errealitatea asko aldatzen dela. Altzan (%4,2) eta Bidebietan (%7,9) lortu dituzte emaitzarik kaskarrenak euskararen erabilerari dagokionean. Posturik onenean berriz, Igeldo (%75,4) eta Añorga (%46,2) daude.
«Auzo bakoitzean lanketa bat egitea beharrezkoa da», azaldu du Trenorrek. Euskaraz bizitzeko erronkak abiatu dituzten auzoetan ere nor bere egoerara egokitu dela diote. Bagera elkarteko kideek azpimarratu dute eragitea eta jendea aktibatzea lortu dutela jarduera hauek.
Euskara normalizazio egoera arriskutsu batean dagoela uste du Trenorrek. “Emakumeen berdintasun eskubideekin geratzen den gisako zerbait gertatzen da euskararekin ere; ematen du normaltasun egoera batean gaudela, gero eta jende gehiagok daki euskaraz; baina gero konturatzen gara praktikan ez dela horrela, gero eta gutxiago erabiltzen dela”.
Josean Abecia, Bizarrain elkartea: “Altzan euskaraz bizitzea posible dela ikusarazi nahi dugu”
Kaleko erabileraren neurketak nahiko emaitza txarrak eman ditu Altzan. Espero zenituzten?
Altza nahiko eremu erdalduna da, hori argi dago. Datuek ere hala erakusten dute. Hala ere, guk uste dugu gauza gehiago egin daitezkeela egoera hori aldatzeko, adibidez, erakundeetatik. Uste dut orain arte erakundeek egin dituzten politikek ez dutela funtzionatu, gutxienez, erabileran. Egia da ulermenak gora egin duela; gaur egun, ia ume guztiek D ereduan ikasten dute. Jakin badakite, baina gakoa erabiltzea da.
Horretarako lanean ari zarete zuen euskara elkartean. Azarorako ‘Altzan hadi’ egitasmoa egin nahi duzue.
Beste hainbat auzo eta herritan egin duten egitasmoa ekarri nahi izan dugu Altzara. Gure asmoa da Altzan 21 egunez euskaraz bizitzea. Horretarako hiru txanda egingo ditugu, txanda bakoitza aste bat. Txanda horietan parte hartzen dutenak ahobiziak izango dira eta horiek astebetez auzoan euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartu dute. Bestalde, belarriprest-ak egongo dira; horiek hiru astetan euskaraz hitz egiteko erraztasunak emateko konpromisoa hartuko dute.
Erabilera handitzea duzue helburu?
Hori da. Beste lekuetan emaitzak eman dituela ikusi dugu, Lasarten esaterako egitasmoa egin eta hiru hilabetera %20 igo zen erabilera datua. Altzan euskaraz bizitzea posible dela ikusarazi nahi dugu.
Mikel Urdangarin, Plazara Goaz elkartea: “Euskararen alde egotetik euskaraz egitera igaro behar dugu”
Kezkagarria iruditzen zaizu euskararen erabilerak behera egin izana?
Oso gutxi egin du behera portzentaiak, kopuru horrek gora egin izan balu ere antzera litzatekeela uste dut. Asko dira erabilera jaitsi izanaren arrazoiak; horren aurrean, guk uste dugu euskaraz ari dena onartua eta babestua sentitu behar dela nolabait. Baldintzak sortu behar ditugu inguruan. Horretarako batzuetan egoera artifizialak sortzea beharrezkoa da; erronkak edo apustuak jarri behar dizkiogu geure buruari.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Intxaurrondon?
Gertatzen dena da jendeak euskara ulertu arren ez duela erabilerara salto egiten. Euskararen alde egotetik euskaraz egitera igaro behar dugu, hori da auzoan lortu behar duguna.
Horretarako sortu zenituzten ‘20 ordu euskaraz’ eta ‘20 egun euskaraz’ egitasmoak?
Lehenengo 20 ordu euskara egitasmoa egin genuen eta orain 20 egun euskaraz egingo dugu. Egitasmo honekin gure helburua da euskal hiztunak aktibatzea batetik, baina baita euskara ulertzeko gaitasuna dutenek egunerokotasunean elkarrizketa elebidunak eduki ahal izateko konpromisoa hartzea ere.
Horrelako dinamikek laguntzen dutela uste duzu?
Denok gabiltza formula egokia asmatu nahian, baina ez da erraza. Gu neurri batean pozik gaude lortu dugun babesarekin. Euskal Herri mailan 2018rako jarri nahi den erronka ere interesgarria iruditzen zait.