Zubietarrak, iazko Santio Jaietan dantzan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Astelehenean, Santio egunaren bezperan, goitik behera mozorroturik hasiko dituzte zubietarrek euren jaiak. Arratsaldeko seiretan botako duten txupinazoak aste osorako antolatu duten egitarau anitz eta zabal bati emango dio hasiera.
Hiru urte daramate jada herriko jaiak Mozorro Egunarekin batera hasten, gazte eta helduen zapi more eta berdeekin batera festa are koloretsuago egiteko asmoz. Jaien irudia argazki herrikoi batekin jaso ondoren, zubietarrek herri afaria ospatuko dute Zubieta Pilota Elkartean, Egan eta Joxe Replayren emanaldien aurretik. Ordutik aurrera, Santio eguna Oilasko biltzaileen eguna, Umeen eguna, Jubilatuena, Gaupasa eguna eta San Inazio eguna datorzkie herritarrei.
Bertso emanaldi batez ere gozatuko dute, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Iker Zubeldia eta Aitor Mendiluze bertsolarien eskutik (ostirala, hilak 28). Zaparra eta Laiotzen kontzertuak eskeiniko dira larunbatean ere, eta igandean (hilak 30) Gozategi, Odolaren Mintzoa eta DJ Aros izango dira jaia girotzeko arduradunak.
Aurreko urtean eduki zuten arrakasta ikusita, jai batzordetik elektrotxaranga eta sagardo dastaketak aurten ere mantentzeko erabakia hartu dute. Berritasun gisa, aldiz, kuadrillen arteko paella jatea, puntu txapelketa eta Umeen eguneko apar festa antolatu dituzte.
Aldarrikapena ere bai
Aurreko urteetan bezala, erraustegiaren aurkako aldarriak ozen entzungo dira aurten ere jaietan zehar. Festetako azken eguneko amaiera trakaren ostean, Zubietako erraustegiaren kontrako herri mugimenduaren ibilbidea irudikatuko duen bideo emanaldi bat eskeiniko da herriko pilotalekuan.
Jai batzordetik adierazi dutenez, jaiak amaitu egingo badira ere, erraustegiaren aurkako borrokak aurrera jarraituko duela «argi adierazteko» antolatu dute ekitaldi hau.