Mikel Azpiroz: 'Aniztasunean dago aberastasuna'
Wayne Shorter Quartet, Kursaaleko areto nagusia
Jazzband Ball, Kursaaleko terraza
2007an jaso zuen Wayne Shorter-ek Donostiako Jazzaldiko saria, eta atzo 83 urterekin, kontzertu sakona eskeini zuen berriz ere Jazzaldian. 50. hamarkadatik Jazzaren garapenaren puntan ibili den musikoa da Shorter (Art Blakey, Miles Davis, Weather Report…), eta adin honekin ere miresgarria iruditu zitzaidan musikarekiko duen jarrera eta konpromisoa. Jazzaldian aspalditik ezagunak ditugun musikoez osatutako hirukutearekin etorri zen, Danilo Pérez pianista, John Patitucci kontrabajista, eta Brian Blade baterista. Gogoan dut nola 1995eko edizioan, Brian Blade aurrenekoz ikusi nuen Jazz Futures II taldearekin, orduan 24 urte zituela eta ume itxura oraindik, swing-a eta be bop-a modu harrigarrian jotzen, hiru egun jarraietan Be Bop tabernan. Hura bai gozatzea. Atzokoan, kontzertua suite baten modukoa izan zen, giro desberdinak sortuaz, kontakizun bat kontatzen ariko bailtzaizkigu bezala. Zineko pelikula baten soinu banda izan zitekeela iruditzen zitzaidan batzutan. Erritmo afrikarrak, funk ikutuak…musikari hauen artea maila gorenekoa da, eta elkar ulertzeko eta komunikatzeko gaitasuna, izugarria. Jazzean hain ohizkoa ez den moduan, partitura luzeak zeramatzaten Patituccik eta Pérezek. Entzulegoak pozik zirudien, eta propina bat jo behar izan zuten Shorter eta laguntzaileek. Pozik eta disfrutatzen ari ziren eskeintzen ari zirenarekin, eta irribartsu agurtu gintuzten agertokitik. Aipatzekoa, soinua oso atsegina izan zela, soinu teknikariek ederki egin zuten beraien lana. Gozatzeko moduko kontzertua izan zen benetan.
Hura bukatu eta Kursaaleko terrazetako kontzertuak entzuten ibili nintzen batetik bestera. Frigo agertokian, Ray Gelato saxofonista ingelesa (hau ere hemengo aspaldiko ezaguna,) ari zen bere festa giroko swing-a eskeintzen. Eskaintzen duena oso aproposa da jazz-era jendea hurbiltzeko, erraz entzuteko espektakulo dibertigarria du eta. Gaur ere badago aukera berriz entzuteko. Ondoren, Gabacho Maroc taldea ikusi nuen Heineken terrazan. Musikari frantzes eta marrokiarrak osatutako taldea da (horietatik batzuk Musikenetik pasatakoak). Gustora entzun nituen haien fusio europear afrikarrak. Hauek ere festarako eta entzulegoak parte hartzeko moduko kontzertua eskeini zuten. Gero, The Pretenders entzuteko asmoz gerturatu nintzen hondartzara, baino jende asko zegoen eta urrutitik entzun nituen. Chrissie Hyndek ederki mantentzen du bere gaztetako indarra eta kontzertu sendoa eman zutela iruditu zitzaidan, beraien abesti ezagunenetan oinarrituta. Etxeratu aurretik Uri Caine trio eta Rajab Suleimanen kontzertuetatik pasa nintzen. Uri Cainena entzuteko nekatuegia negoen dagoeneko, belarriak eta burua freskoago beharko nituen dastatu ahal izateko, eta Rajab Suleimanena Zanzibarreko taarab musika ezagutzeko aukera polita izan zen. Aniztasunean dago aberastasuna, eta ederki lo egin dut bart.