Kamasi Washington, Trinitate plazan.
Robert Glasper Experiment, Kursaaleko areto nagusia
Donny McCaslin Quartet, Trinitate plaza
Kamasi Washington, Trinitate plaza
Atzo ikusi nituen hiru kontzertuek bi ezaugarri zituzten komunean, oso erritmo markatu eta indartsuak alde batetik, eta soinu efektuen erabilpena bestetik. Kursaaleko areto nagusiko agertokira
Robert Glasper eta bere lau musikariak itxura “cool”-arekin irten ziren, bakoitza ardo zuri kopa banarekin. Zerbait entzunda nituen interneten, baino ez nuen ideia garbirik egiten zutenaz. Hip Hop, Drum&Bass, R&B, heavy-a….denetik izan zuen kontzertuak, dena oso modu naturalean uztartuta. Casey Benjamin abeslariak, “vocoder” efektuarekin nahasten zuen bere ahotsa, “ziborg” ukitua emanaz. Justin Tyson bateria-jolea eta Burniss Travis baxu-joleak oso sekzio erritmiko indartsua osatzen dute, eta beraien soinu grabeak bularrean sentitu zitezkeen. 90. hamarkadako musika elektronikoaren estetika gogoratzen zidan talde honen soinuak. Kontzertu bikaina izan zen, gaurko jazzaren garapen urbanoena dastatzeko aproposa.
Bi orduko kontzertu honen ondoren, Trinitate plazara joan nintzen,
Donny McCaslin Quartet hastekotan zeudela. Don McCaslin saxofonistak ospea hartu du David Bowiren azken diskoan parte hartu zuenetik. Kontzertuan indartsu sartu ziren hasieratik, eta bukaera arte intentsitate horrekin segi zuten. Robert Glasperren bi orduko kontzertuaren ondoren, gehiegizkoa gertatu zitzaidan Don McCaslinen indarra. Ondoren,
Kamasi Washingtonen txanda iritsi zen, Jazzaldi honetarako espero genuen kontzertu nagusienetako bat, musikari honek azken bi urte hauetan izan duen oihartzunagatik. Kamasi eta berarekin etorri ziren zazpi musikariak, izugarriak dira. Nabarmentzekoa da duten zentzu eta zehaztasun erritmikoa. Bi bateria daramatza taldean, Allman Brothers Bandek egiten zuen moduan, eta baita James Brownek ere. Izugarrizko bizitasuna ematen diete bi hauek taldeari. Glasperrek 90. hamarkadako estetika gaur egungo joerekin nahasten duen bezala, Washingtonek jazz sustraitsuagoetan oinarritutako gaur egungo musika eskaintzen du, gaitasun izugarriarekin. Kontzertu zoragarria izan zen, hemendik urte batzuetara oraindik gogoratuko dugun horietakoa. Aurrekoan aipatzen nuen maisutasunean oinarritutako horrelako proposamen anitzek egiten dute Jazzaldia berezia.