Macy Gray abeslaria, Trinitate plazako agertokian.
Herbie Hancock Quintet, Kursaaleko areto nagusia
Macy Gray eta Lucky Chops, Trinitate plaza
Herbie Hancock Jazzaldiko aspaldiko ezaguna da, eta Wayne Shorter-en modura, jazzaren historiaren azken 50 urteetako garapenean aktore nagusietako bat. Denbora guzti honetan jazzaren garapenean modu dinamikoan parte hartu dut, garai bakoitzak eskaintzen zituen aukera teknologikoak eta estetikoak bilakatuz. Orain ere, 77 urterekin, berdin segitzen du, modu ausartean musikarekiko konpromisoa galdu gabe. Bera baino musikari gazteagoekin etorri zen, eta nabarmentzekoa da saxofoia jo zuen Terrace Martin gazteak, egun hauetan izan ditugun Robert Glasper eta Kamasi Washington-ekin produktore lana egindakoa dela. Beraren estetika hiru proposamen hauetan nabarmen sentitu dugu, soinu efektuen eta ahotsean “vocoder” efektoaren erabilpenarekin. Baterian Vinnie Colaiuta ekarri zuen, hainbat eta hainbat disko arrakastatsuetan entzuten dugun musikoa (Sting, Eric Clapton…), eta Hancockek aurkezpenean azaldu zuenez, Colaitua beraien arma sekretua da, plazera banatzen duen arma, bere artearen bitartez. Txundituta geratzeko modukoa da gizon honen trebezia makilekin. Jo zuten musika, jazz-fusion estetikaren barruan dago, 70 eta 80ko hamarkadetako ukituekin, eta gaur egungo teknologiarekin bustita. Musika indartsua egin zuten, eta inoiz ni espazio ontzi baten barruan norabait joango banintz, soinu banda hori eramango nuke. Ia bi orduko kontzertua izan zen, eta keinu modura jo zituen bere “Headhunters” taldeko doinu bat eta baita “Cantaloupe island” famatua, baino melodia ezagun hauek segituan bihurtu zituen inprobisazio zailago batzuetan, nostalgiari tarterik utzi nahi ez balio bezala. Kontzertu interesgarria iruditu zitzaidan, nahiz eta niri jazz fusion estilo hori pixka bat urruti geratzen zaidan.
Ondoren, Trinitate plazan New York-eko
Lucky Chops “brass band” gazte eta ganberroa ikusi nuen. Atzokoa zen urtero Trinitate plazan Jazzaldiak programatzen duen ohiko festa giroko proposamena, publiko zabalago bateri zuzenduta. Segituan jarri zuten plaza dantzan, ondoren irten zen Macy Gray soul abeslariari giroa bero bero jarrita.
Macy Gray ikusteko gogoa banuen, bere aurreneko diskoa asko entzun nuen bere garaian, “How Life Is”, eta 18 urte beranduago zuzenean zer moduzkoa den ikusteko aukera izan nuen. Trajez jantzitako lau musikari sendo eta eleganterekin batera etorri zen, eta agertokian bere jarrera
diva batena izan zen, puntu makarra batekin, baino entzuleriari espero zuen festa espektakulua eskainiz. Ahotsa eta interpretazioa zoragarriak ditu, eta publikoak nahi zuena jaso zuela uste dut. Bere “Sexual Revolution” kanta ezagunean Lucky Chops taldekoak gonbidatu zituen eta baita publikoan zegoen neska txiki bat igo dantzara ere, eta gainera, dantzan erritmo onarekin batere lotsatu gabe egin zuen neskatxa honek. Jazzarengandik hain hurbil ez dagoen publiko horrentzat gau polita izan zen.