(Argazkia: Donostiako Udala)
Altzako kiroldegi berria egiteko oztoporik ez dagoela jakinarazi du Donostiako Udalak. Amiantorik ez dago kiroldegia eraikiko den lursailean, ikerketa tekniko baten arabera. Emaitzen berri emateko prentsa agerraldia eskaini dute Alfonso Gurpegi Ingurumen zinegotziak eta Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak.
Ekos Estudios enpresak egin du ikerketa. Hamahiru lagin hartu dituzte Altza auzoko kiroldegirako izango den lursailean. Hamabitan ez da amiantorik agertu, eta, beste batean, oso kantitate txikia zegoen. Kilo bakoitzeko, 100 mg baino gutxiago.
Ikerketaren inguruko informazioa emateko eta zalantzak argitzeko, bilera bat egingo du bihar udalak auzotarrekin. Casares kultur etxean izango da 18:00etan. Bestalde, hurrengo astean amiantoari buruzko batzorde ez iraunkorra bilduko da, emaitzen berri emateko udal talde guztiei.