Datozen bi denboraldietarako akordioa lortu du saskibaloi taldeak.
Porfi Fisac eta Nekane Arzallus. (Argazkia: Gipuzkoa Basket)
Gipuzkoa Basketeko presidente
Nekane Arzallus eta Porfi Fisacek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Illunben. Jakinarazi dute akordio batera iritsi direla eta
datozen bi denboraldietan zehar entrenatzailea izaten jarraituko duela Fisacek. Arzallusek proiektuan izango duen jarraipena nabarmendu du eta eskerrak eman dizkio entrenatzaileari, Gipuzkoa Basketekin izandako konpromisoagatik.
Fisacek, bere aldetik, esan du “plazer bat” dela, eta bere xede nagusia dela
Gipuzkoa Basket bera sendotzea: “Klub gisa, filosofia bat izan behar dugu, baina, bereziki, talde gisa. Sentipen hori Illunbera etorriko den jendeari helarazi nahi diogu”. Horretarako, taldea osatzeko jokalarien profila argi du entrenatzaileak: “Gosea duen jendea izan behar du, hazi nahi duena, etorkizun garrantzitsu bat izan dezaketen gazteak.
Talde izaera duen zerrenda osatu nahi dugu, familia bat izango den talde bat, eta familia horrek
energia eta indarra islatzea zaleengan”.
Berarekin batera, lan egingo du talde teknikoak:
Bully Oyon (udan zehar taldearen eraketan aritu da lanean) eta
Sergio Garcia, proiektura gehitzen den donostiarra. Horietaz gain,
Lander Castro prestatzaile fisikoak parte hartuko du.