Datuak argazki bihurtu dituzte
Iaz hasi ziren Hirikilabs laborategian Airbnb efektuaren inguruan ikertzen. Hiritar talde batek datuak bildu eta txosten bat argitaratu du Airbnbk Donostian duen presentzia irudikatuz.
Iaz hasi ziren Tabakalerako Hirikilabsen –teknologiaren erabilera soziala, kritikoa, sortzailea eta kolaboratiboa uztartzen dituen laborategian– Airbnb efektua lantzen. Hogei bat hiritar elkartu eta intereseko gai bati heldu nahi zioten, eta horrela hasi ziren Airbnbk Donostian izandako eragina datuetan biltzen.
Lehengo saiakera horretatik jaio zen Efecto Airbnb en Donostia izeneko webgunea. Bertan, hainbat datu interesgarri jaso zituzten; 819 etxebizitza, 312 gela eta 8 gela konpartitu daude alokairuan Airbnbn, Donostian. Guztira, hirian, 4.553 plaza. Auzotik auzora dagoen aldea ere ikertu zuten. Iragarki gehien dauden auzoak Erdialdea, Gros eta Antigua dira; gutxien dituztenak, berriz, Zubieta, Miramon-Zorroaga eta Igeldo.
Lehen saiakera hartan hainbat datu lortu bazituzten ere, Ibai Zabaleta, Hirikilabseko koordinatzaileak dio ez zutela galdera guztiak erantzutea lortu: “Kalean asko entzuten den kontua da Airbnb efektuaren ondorioz alokairuen prezioa igo egin dela Donostian, guk datuen bidez hori frogatu nahi genuen baina ez dugu lortu”. Izan ere, horretarako, ikerketa marko zabalago batean egin beharko litzatekeela uste du eta “konplexuagoa” dela gaineratu du. Dena den, pozik daude parte hartzaileak, izan ere, hasieran planteatutako galdera gehienak erantzuteaz gain, antzeko egitasmoak beste leku batzuetan egitea ahalbidetu dute.
Datu bilketa egiteko orduan Montera 34 taldearen laguntza izan zuten. Montera 34koek Webguneen garapenean, ikerketan, mapak egiten eta datuen irudikatzean egiten dute lan. Bi lagunek osatzen dute taldea eta Zabaletak azpimarratu du beraien lana “ezinbestekoa” izan dela Airbnb efektua ikerlanerako. Aurretik ere antzeko hainbat egitasmotan aritu dira Montera 34ko kideak, ‘Black’ txartelen kasuan, esaterako, datuak Twitterren irudikatu zituzten. Bestalde, Cadaveres inmobiliarios izeneko beste egitasmo “ezagun” bat ere egin zutela kontatu du Zabaletak.
Montera 34ko kideen lana izan da hain zuzen ere datuak eskuratzea. Zabaletak azaldu du Airbnbko orrialdeetan bilaketa egin ostean guztira 300 eskaintza inguru ageri direla beti, ez gehiago; eta beraz, horrek zaildu egiten du benetan zenbat etxebizitza dauden ikustea. Datu horiek ikusgai ditu Airbnbk baina Zabaletak dio datu horiek eskuratzeko scraping egin behar dela Airbnbren webgunetik.
Behin datuak eskuan zituztela, beste topaketa bat antolatu zuen Hirikilabs laborategiak uztailaren 13an. Topaketaren helburua galdera gehiago erantzun eta Airbnb efektuaren inguruko mahai inguru bat egitea zen. Horregatik, ikuspuntu eta leku ugaritako esperientziak bildu zituzten:?Mallorcako Terraferida eta Dinsairbnb elkarteak; Bartzelonako Santiago Espinosa, datu bilketan aditua; eta pisu turistikoak kudeatzen dituen Aperture enpresako Asier Pereak hartu zuten parte.
Hemendik aurrera ere gaiaren inguruan ikertzen jarraitu nahi dutela azaldu du Zabaletak: “Guretzat idealena gaia lantzeko lan talde finko bat sortzea litzateke, momentuz posta bidezko sare bat soilik daukagu”. Zabaletak gaineratu du Hirikilabs irekita dagoela herritarrei beraien intereseko gaietan sakontzen laguntzen jarraitzeko.